Politika -

Pedro Sanchezen inbestidura

Espainian gobernua osatzeko negoziatzen jarraitzen dute PSOEk eta Unidas Podemosek

Exekutiboari "egonkortasun politikorik sendoena" emango dion ituna sinatzen ahaleginduko dela ziurtatu du Carmen Calvok.

Carmen Calvo, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea. Argazkia: EFE
Carmen Calvo, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea. Argazkia: EFE
PSOE eta Unidas Podemos erlojuari begira ari dira lanean, akordio bat lortzeko asmoz

2:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko inbestidura saioa bihar hasiko da Espainiako Kongresuan. Ildo horretatik, PSOE eta Unidas Podemosen arteko negoziazioak “etenik gabe” jarraitzen dutela nabarmendu du Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak. Ostiraletik ari dira bi taldeak gobernu akordioari buruz hitz egiten, izan ere, Pablo Iglesias Podemoseko buruak ministro izateko baldintza atzera bota izanak erraztu egin ditu alderdi horren eta PSOEren arteko negoziazioak.

Dena dela, Calvok ez du zehaztu nahi izan Unidas Podemoseko zenbat ordezkari izango diren Espainiako Gobernuan, “zuhurtziagatik”. Hala, gobernuaren osaketari buruz hitz egin aurretik bi aldeek “legeak, lana eta bestelako gaiak” jorratu behar dituztela azpimarratu du.

Calvok azaldu duenez, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusia eta Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroa alderdi sozialistaren talde negoziatzaileko kide dira, eta "arduraz, zuhurtziaz eta akordioetara iristeko borondatearekin" ari dira hitz egiten eta bilerak izaten Podemoseko ordezkariekin.

"Gaur bide horretatik lan egin dugu eta bihar berdin jarraituko dugu", adierazi du Calvok gobernua osatzeko negoziazioen inguruan galdetu diotenean. Ildo horretatik, bi alderdietako buruzagiek telefonoz hitz egin dutela baieztatu du, eta bera Pablo Echenique Podemoseko Gobernu eta Ekintza Instituzionaleko idazkariarekin hitz egin duela gaineratu du.

Espainiako Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, Sanchezek "ez dio betoa jarri Iglesiasen presentziari" Exekutiboan, baina "beste buruzagi politiko batek ezin zuela bere agindupean egon" uste duela esan du.

Hala, PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernua osatu ahal bada, Exekutiboari "egonkortasun politikorik sendoena" emango dion ituna sinatzen ahaleginduko dela adierazi du Calvok.

Irene Monterok Espainiako Ministroen Kontseiluko kide izango ez ote den galdetuta, Katalunian "preso politikoak" daudela uste duela esan ostean, Calvok erantzun du Pedro Sanchezek ezin zituela bere gain hartu "Podemoseko buruzagiak egindako adierazpen horiek".

Ministerio batzuei ‘betoa’ jarri die PSOEk

Sanchezek eta Iglesiasek orain arte izan dituzten elkarrizketetan, presidenteordetza soziala eskatu dio Podemoseko buruak jarduneko presidenteari, Ogasun, Lan eta Ingurumen ministerioekin batera. Horrez gain, Gizarte Segurantzan eta Gobernuaren Komunikazioan ere ordezkariak izatea eskatu diola ziurtatu du El Mundo egunkariak, iturri sozialistak aipatuta.

Hala ere, Defentsa, Barne, Atzerri, Justizia eta Ogasun ministerioei betoa jarri diete sozialistek, horiek PSOEren esku nahi dituelako Sanchezek. Gauzak horrela, programaren inguruko akordioa hurbil dagoela dirudi, eta horren ostean hasiko omen dira ministro izan litezkeenen izenak mahai gainean jartzen.

Celaa: "Inbestidura desblokeatzeko benetako aukera ireki da"

Isabel Celaarentzat Pablo Iglesiasek pauso bat albora emanda "inbestidura desblokeatzeko eta Espainiaren historiako lehenengo koalizio gobernua osatzea posible den ikusteko benetako aukera ireki da".

Jarduneko Espainiako Gobernuko bozeramailea eta Hezkuntza Ministroarentzat, garrantzitsuena "kohesionatutako gobernu indartsu bat" osatzea da, "eta horretarako kide guztiekin kidetasun izatea beharrezkoa da".

Zentzu horretan, zenbait gaitan PSOE Unidas Podemosekin "asko" identifikatzen dela esan du, baina "Estatu gai batzuetan ez gatoz bat Iglesiasen herrialde ereduarekin edo zenbait arazo konpontzeko moduarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Pablo Iglesias politikari ohia Alderdi politikoak berriak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak