Politika -
Giza Eskubideen Auzitegia
Europak biktimen arteko berdintasunaren printzipioa urratu duela dio Foro Sozialak
Oztopoak oztopo, biktima guztien eskubideen inguruan egun dagoen adostasuna gauzatzeko lanean jarraituko du Foro Sozialak.
Agentziak | Erredakzioa
Atzo, hilak 18, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez zituen tramitera onartu Estatuaren aparatuen indarkeriak eragindako zenbait biktimen helegiteak. Biktima guztiak aintzat hartuta "albiste txarra izan da, baita elkarbizitza demokratikoaren ikuspegitik ere", esan du Foro Sozialak.
"Estrasburgo ez da auziaren mamira sartu, hau da, biktima guztiek erreparaziorako duten eskubideari buruzko iritzirik ez du eman. Horrela jokatuz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak biktimen arteko berdintasunaren printzipioa urratu du, 46 familia hauek berbiktimizatuz", azpimarratu du.
Foro Sozialaren hitzetan, indarkeria mota horretako biktimek beste indarkerien biktimekiko duten diskriminazio pertzepzioa larriagotu egin du.
BVE, GAL, Acción Nacional Española edo Grupos Armados Españoles taldeen biktimak, behin baino gehiagoetan, "bigarren edo hirugarren mailako biktimak" sentitzen direla adierazi dute.
Horrenbestez, oztopoak oztopo, biktima guztien eskubideen inguruan egun dagoen adostasuna gauzatzeko lanean jarraituko du Foro Sozialak.