Politika -

Inbestidura

Celaak kontsulta bertan behera uzteko eskatu dio Iglesiasi negoziazioari berrekiteko

"Aitzakia gehiegi jartzen ari dira, hasieratik eman dugu eta negoziaziora joateko eta oraindik gehiago emateko prest gaude", ziurtatu du Pablo Iglesiasek.

Celaa, agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Celaa, agerraldi batean.
Atzo esandakoarekin Pedro Sanchez erratu egin dela adierazi du Pablo Iglesiasek

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Espainiako Gobernuko jarduneko Hezkuntza ministro eta bozeramaileak eskaera zehatza egin dio Pablo Iglesias Podemosen bozeramaileari PSOErekin gobernua osatzeko negoziazioari "berrekiteko": bertan behera utz dezala alderdikideen artean abiatutako kontsulta.

RNE irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, "kontsulta bertan behera utzi beharko luke, bi galderak oso bideratuta daude, eta erantzuna aurreikus daiteke. Zuzenketa egin beharko luke Iglesiasek".

Ministroaren esanetan, koalizio moreko hainbat kidek esan omen dute kontsultarekin bat ez datozela.

"Iglesiasek ostikoa eman dio taulari, berari dagokio berreraikitzea. Kaltetutako piezak konpontzea", nabarmendu du.

"Sanchezek bost proposamen egin ditu, eta halere, Podemosek ez du mugimendu bakarra egin. Horren ordez, mesprezuzko erantzunak eman eta kontsulta bat antolatu du", deitoratu du. Horren iritzian, Iglesiasek egoera "aztertu eta zuzendu" beharko luke.

Monteroren erantzuna: "Kontsulta negoziazioarekin bateragarria da"

Irene Montero Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak galdeketa defendatu du "negoziazioarekin bateragarria" dela argudiatuta.

Kongresuan kazetariei egindako adierazpenetan itxaropentsu agertu da Montero: "Nik uste oraindik badagoela denbora Sanchezek bere erabakiz itxi duen negoziazioa berriz zabaltzeko eta beto eta marra gorriak kentzeko".

Aitortu duenez, negoziazio orotan "tentsio uneak" izaten dira eta PSOEk ez du oso errotuta "koalizioaren kultura", baina uste du egoera aldatu egin dela eta Alderdi Sozialistak ulertuko duela "koalizio gobernuak ere negoziatu" behar direla.

Iglesiasek ez du amore eman

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak ez du amore eman nahi, eta emateko prest agertu da, PSOE negoziatzeko esertzen baldin bada, inbestidurarako akordio bat lortzeko helburuarekin.

"Aitzakia gehiegi jartzen ari dira, hasieratik eman dugu eta negoziaziora joateko eta oraindik gehiago emateko prest gaude", ziurtatu du Pablo Iglesiasek La Sexta telebistan.

Pedro Sanchez gogor kritikatu du Iglesiasek elkarrizketan. Laguntza emateko prest jarraitzen duela esan du Podemoseko buruzagiak. "Espainiak bere historiako gobernurik progresistena" izateko aukera sozialistek aprobetxatzea espero du Iglesiasek, baina horretarako, "boterea partekatu behar dute".

Gobernu horretan berak "paper bat joka" dezakeela uste du koalizio moreko buruzagiak, beti ere Pedro Sanchezen "aginduetara". PSOEko presidentegaiak sekula ez dio esan Ministroen Kontseiluan nahi ez duenik, gaur jakinarazi duenez.

Kabinetean "profil teknikoak" izateko proposamenari dagokionez, berak "titulu unibertsitario asko" dituela erantzun du Iglesiasek, baina "curriculumaren arabera, norbait Kontseiluan izan behar dela planteatzea ez da zentzuzkoa".

"Ikuspegi teknokrata hori demokraziaren espirituaren aurkakoa da", kexatu da. Negoziazioari heltzeko errespetua eskatu die Iglesiasek sozialistei: "Itxurakeriarik ez, eta marra gorririk gabe eseri".

Datorren astean inbestidurari 'ezezko' botoa ematea ez du baztertu Podemoseko buruzagiak, baina jarrera militanteek erabakiko dutela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak