Politika -
Presoak
Jose Angel Otxoa de Eribe presoa baldintzapean aske utzi dute gaitz larria duelako
Etxeratek jakinarazi duenez, Otxoa de Eribe arratsalde honetan atera da Castello I espetxetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Angel Otxoa de Eribe ETAko presoa baldintzapean aske utzi dute, larriki gaixorik dagoelako, Etxerat elkarteak jakitera eman duenez.
Espetxeetako Zuzendaritzak ekainean eman zion hirugarren gradua Otxoa de Eriberi, eta arratsalde honetan atera da kartzelatik.
Mexikotik kanporatu ostean, 2000. urteko urtarrilean sartu zuten espetxean Espainiako agintariek. 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.
Euskal presoek pairatzen duten "alferrikako sufrimenduari" lehenbailehen amaiera eman diezaiola eskatu dio Etxeratek Espainiako Gobernu berriari.
"Gaixotasun larriak pairatzen dituzten 20 senide ditugu oraindik espetxetan, horietako 15 zerrenda publikoan, eta hauek guztiak, baldintzarik gabe, inongo atzerapenik gabe, kalean egon behar dira", azpimarratu du oharrean.