Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJk, PSEk eta PPk Polizia Lege berria onartu dute Legebiltzarrean
Udalek udaltzainak behin-behinean kontratatzea ahalbidetuko du arau berriak, Auzitegi Gorenak hori egitea legez kanpokoa dela ebatzi badu ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legebiltzarrak Polizia Lege berria onartu du ostegun honetan Legebiltzarrean egindako saioan, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute.
Araua polemikaz inguratuta jarriko dute indarrean; izan ere, udalek udaltzainak behin-behinean kontratatzea galarazten duen epaia eman zuen atzo Espainiako Auzitegi Gorenak, baina gaur onartutako legeak aukera hori ahalbidetuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, hain zuzen ere, horixe ohartarazi du: lege berriaren 120. artikulua –udaltzainen behin-behineko kontratazioari buruzkoa- eta Gorenak emandako ebazpena erabat kontrajarriak direla.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ere ildo beretik hitz egin du eta lege-proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatu du, arazo juridiko honi irtenbidea eman bitartean.
EAJko Joseba Zorrillak zehaztu du aldi baterako kontratazio horiek egiteko hautatze-prozesuak salbuespen kasuetan eta behin bakarrik egin ahalko dituztela udalek.
Osoko bilkura amaituta, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak onartu du Gorenaren ebazpena eta Legebiltzarraren araua ez datozela bat, baina gatazka juridikoa Auzitegi Konstituzionalak argitu beharko lukeela eta, bitartean, udalek udaltzainak behin-behinean kontratatzeko aukera izango dutela nabarmendu du.
Halaber, sailburuak esan du izendapen horiek ekintza administratibo indibidualak direla eta horien kontrako helegiterik ez dagoela eta, beraz, egun aldi baterako kontratatuta dauden 611 udaltzainei Gorenaren ebazpenak eragiten ez diela ziurtatu du.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beste polizia eredu bat eskatu dute
Artikulu polemiko horrez gain, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dute Polizia Legea eta beste polizia eredu bat pentsatu eta adostu beharko litzatekeela aldarrikatu dute.
Arzuagak kritikatu du egitasmo horren neurri garrantzitsuena agenteei zuzendutako osagarri ekonomikoak direla eta horrekin Ertzaintzako sindikatuen protestak amaitzea lortu dutela EAJk, PSEk eta PPk. "Arazoak diruarekin estali dituzte", erantsi du.
Martinezek salatu du PPk nahi zuen legea onartu dutela gaur Legebiltzarrean, polizia ereduaren arazoari irtenbidea eman ez zaiola eta Jaurlaritzak elkarrizketarako borondaterik izan ez duela.
1992tik, bosgarren aldia da Polizia Legea berritzen dutela. Erreforma berriak Ertzaintzako ErNE eta Esan sindikatuen babesa dauka.