Politika -

Frantzia

Josu Urrutikoetxea preso egongo da, Parisko Auzitegiak euroaginduak berrikusi arte

Espainiako Justiziak bere eskura izateko eskariak ditu eginak; Parisko Fiskaltza Nagusiak jakitera eman duenez, ETAko buruzagi historikoak kartzelan jarraituko du, eskari horiek aztertu arte.

Josu Urrutikoetxea 2019ko maiatzean atxilotu zuten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Josu Urrutikoetxea 2019ko maiatzean atxilotu zuten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Josu Urrutikoetxea 2019ko maiatzean atxilotu zuten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Apelazio Auzitegiaren instrukzio-aretoak ostegun honetan agindu du ETAko buruzagi historiko Josu Urrutikoetxea preso egotea, Espainiako Justiziak Urrutikoetxea bere eskura izateko eskariak aztertu arte, Parisko Fiskaltza Nagusiak jakitera eman duenez.

Instrukzio-aretoan, hurrengo audientzia ekainaren 26an egingo dute, Fiskaltzak EFEri helerazitako oharraren arabera.

Euroagindu bat, eta bi estradizio-eskari

Ostegun honetan, Fiskaltza Nagusiak euroagindu baten eta bi estradizio-eskariren berri eman dio Urrutikoetxeari; izan ere, bai euroagindua bai eta estradizio-eskariak ere Espainiako epai-agintariek eginak dira, xede izanik ETAko buruzagi historikoa Espainiaren eskura uztea.

Ministeritza Publikoak gogorarazi duenez, asteazken honetan Parisko Apelazio Auzitegiak erabaki zuen, Ministeritzaren iritziaren aurka, Josu Urrutikoetxea aske uztea; kautelazko neurriekin eta epai-kontrolpean.

"Fiskaltza Nagusiak erabaki horiek ondorioztatu zituen analisi juridikoari erantzuten dio, eta hiru kasazio-errekurtso aurkeztea erabaki du", adierazten du oharrak.

1993 baino lehenagoko gertaerak

Urrutikoetxearen aurkako hiru euroagindu zeuden; dena den, Frantziako epaileek Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu zioten horietako bi estradizio-eskari bilakatzea (alegia, Zaragozako kuartel-etxearen aurkako atentatuak sortutakoa, alde batetik, eta Michelineko zuzendari bat hiltzeagatik zuena, bestetik). Hori eskatzeko arrazoia zen bi gertaera horiek euroagindua 1993an indarrean sartu aurretik jazo zirela.

EFEri iturri juridikoak jakinarazi ziotenez, bai euroagindu horiek, bai eta 2002an abiatu zen beste bat ere (ETAren finantziazioa herriko tabernen bidez egiteak sortutakoa, hain zuzen ere), indarrean zeuden Urrutikoetxea atxilotu zutenean, maiatzaren 16an, Frantziako Alpeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Frantzia argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Albisteak