Politika -

MADRILGO PROBINTZIA AUZITEGIA

Barcenasek eta Cospedalek deklaratuko dute PPko ordenagailuen inguruko epaiketan

PPko diruzain ohiaren ordenagailuetako informazioa ezabatzeagatik egiten ari diren epaiketaren 2. saioan, Carmen Navarro, Alberto Duran eta Jose Manuel Morenok ere igaroko dira epailearen aurretik.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Luis Barcenas PPko diruzain ohia artxiboko irudi batean
Luis Barcenas PPko diruzain ohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenasen ordenagailuetako informazioa ezabatzeagatik egiten ari diren epaiketa gaur abiatu da berriro, Madrilgo Auzitegian, lau akusatuen eta lekukoen deklarazioarekin. Lekuko gisa deklaratuko dute, esaterako, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak.

Epaiketa honetan, Carmen Navarro PPko diruzain ohia, Alberto Duran abokatua, Jose Manuel Moreno informatikaria eta PP eseriko dira akusatuen aulkian.

Ahozko epaiketa iragan astean hasi zen aurretiazko izapideekin. Izquierda Unida, ADADE eta Observatori DESC dira auzipetuen aurka agertu diren bakarrak. Hori dela eta, lau akusatuek 'Botin Doktrina' aplikatzea eskatu zuten, hau da, Emilio Botin bankariak lortu zuen bezala, herri akusazioak soilik parte hartuko lukeen prozesura saihestu ahal izatea. Fiskaltzak auzia artxibatzea eskatu du eta Barcenasek, ostera, bere salaketa erretiratu egin du.

Gaurko auzi saioan, lau akusatuek deklaratuko dute. Ezustekorik ezean, defentsaren eta Fiskaltzaren galderei soilik erantzungo diete.

Akusatuen deklarazioak amaitutakoan, lekukoen txanda izango da. Aurreikuspenen arabera, gaur bertan hasiko dira epailearen aurrean deklaratzen. Deituta dauden lehendabiziko sei lekukoen artean daude Luis Barcenas eta Maria Dolores de Cospedal. Lehenengoa 33 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Soto del Real espetxean, Gurtel auziagatik.

Horiez gain, hauek dira beste lekukoak: Javier Barrero Merino PPko Informatika saileko arduradun ohia, Estrella Dominguez Lopez, Barcenasen idazkaria izan zena; Antonio de la Fuente Escudero, Barcenasen koinatu ohia eta PPko segurtasun arduradun ohia, eta Roberto Estangui Olmo informatika denda bateko langilea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Politika PP Epaiketak Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Albisteak Abokatuen albisteak