Politika -

EAJ-PSE ITUNA

PSE-EEko militanteen % 90ek babestu dute EAJrekin egindako aurre-akordioa

Jeltzaleek eta sozialistek udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin duten aurre-akordioa berresteko PSE-EEk antolatutako barne-kontsultan parte-hartzea % 57,79koa izan da.

Idoia Mendia barne-kontsultan botoa ematen. Argazkia: EFE
Idoia Mendia barne-kontsultan botoa ematen.
Idoia Mendia barne-kontsultan botoa ematen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Alderdi Sozialistako militanteen % 90,16k babestu dute PSE-EEk eta EAJk udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin duten aurre-akordioa.

PSE-EEk ohar bidez jakinarazi duenez, 5.188 militantetik 2.998k bozkatu dute gaur egindako barne-kontsultan. Beraz, parte-hartzea %57,79koa izan da.

2.703 afiliatuk ituna babestu dute; 266 aurka agertu dira; 27k boto zuria eman dute; eta bi boto baliogabetu egin dituzte.

Araban, babesa %95,35ekoa izan da; Gipuzkoan, %96,77koa; eta Bizkaian, %81,32koa.

Parte-hartzerik handiena Gipuzkoan izan da (%75,87) eta txikiena Bizkaian (%44,97). Araban, berriz, % 66,83ra iritsi da parte-hartzea.

Kontsultaren galdera ondokoa izan da: "PSE-EEk eta EAJk Euskadiko udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin dugun aurre-akordioak hazkunderako, enplegua duina sortzeko, zerbitzu publikoak babesteko, gizartea batzeko eta euskal gizartearen ongizatea bermatzeko politikak abiaraztea ahalbidetuko du. Ituna babesten duzu?" Bai edo ez erantzun behar izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak