Politika -
Azken saioa
Kataluniako prozesu independentistaren aurkako auzia, epaiaren zain
Junquerasek, azken hitzerako eskubidea erabiltzeko txandan, Kataluniako gatazka "politikara" itzultzea eskatu du. Jordi Sanchezek "Estatu bidegabekeriaren biktima" dela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren bidean, 2017ko udazkenean gertatutakoa epaitu duen auzia sententziaren zain geratu da asteazken honetan, Auzitegi Gorenean. Epaiketak lau hilabeteko iraupena izan du.
"Eskerrik asko guztioi. Auzia epaiaren zain geratu da. Aretotik atera, mesedez", adierazi du Manuel Marchena auzitegiko presidenteak 19:00ak aldera.
Proces auziko epaiketaren 52. eta azken saioa izan da. Epaiketa otsailaren 12an hasi zen. Epaia uda ondoren espero da.
Epaiketan zehar, aldeak eta akusatuak entzuteaz gain, 422 lekukoren testigantza bildu du epaimahaiak, baita adituen frogak eta dokumentuak aztertu ere.
BIDEOA | Kataluniako buruzagi independentisten azken hitza epaiketan
Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohiak, azken hitzerako eskubidea erabiltzeko txandan, prozesu independentistaren aurkako epaiketan, Kataluniako gatazka "politikara, politika onera, negoziazio eta akordioaren eremura" itzultzea eskatu du.
Minutu gutxian, bere "iritzi politikoak eta erlijiosoak" mantentzen dituela eta "errepublika parlamentu batean defendatzea ezin dela delitu bat izan uste dutenekin" partekatzen dituela esan dio Junquerasek epaimahaiari.
"Nire ekintza guztiek erakusten dute giza ontasuna eta duintasunagatik dudan errespetua. Ezagutzen nauten guztiak horren ziur dira, baita akusazioak ere. Edozein politikarik egiten ditu akatsak, baina beti ekidin dut elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa saihesten dituen politika txar hori. Ulertzen dut epaia emateko erantzukizuna utzi dizuetela zuei. Onena guztientzat arazoa politikara, politika onera itzultzea litzateke, negoziazioaren eta akordioaren eremura bueltatzea gaia", esan du.
Raul Romeva kontseilari ohia. Argazkia: EFE
Raul Romeva kontseilari ohiak bide beretik jo du, eta politikaren alde egin du. Epaileak ausartak badira, "konfiantzaz, errespetuz" eta bestearen iritziak "onartuz" aurrera egiteko "aukera" bat ireki daitekeela esan du.
Bere azken hitzerako txandan, aulkian hamabi akusatu besterik ez daudela ez pentsatzeko eskatu du, eta atzean bi milioi pertsonatik gora daudela esan du. Esan duenez, pertsona horiek ez dituzte ideiak "indarrez edo errepresioagatik" aldatuko, eta erabaki "ausart" bat espero dute.
"Existitzen den konponbidea politika da, eta harago, demokrazia", azpimarratu du Romevak. Esan duenez, eskua "guztiei luzatuta jarraituko dute, baita iraintzen gaituztenei ere", guztiak eragiten gaituzten arazoak konpontzen saiatzeko.
"Eta jarraituko dugu gure seme-alabak duintasunez begiratzen, mundu guztian milioika pertsonak oinarrizko eskubideak defendatzeagatik erabiltzen dituzten duintasun beraz", bukatu du.
Joaquim Forn kontseilari ohia. Argazkia: EFE
Joaquim Forn kontseilari ohiak prozesuaren izaera "bakezalea" azpimarratu du, eta esan du Generalitateak "hitzartutako irteera bat" bilatu zuela.
Autodeterminazio eskubidearen alde azaldu da Forn, eta azpimarratu du inork ez ziola Mossoei "polizia judizial bezala beren eginkizunak betetzeari utz ziezaieten" agindurik eman.
Jordi Sanchez ANCko lider ohia. Argazkia: EFE
Jordi Sanchez ANCko lider ohiak "injustiziaren eta Estatuak eragindako minaren biktima" dela esan du bere azken hitzerako txandan. "Ez dago eskubideak eta askatasunak mehatxatzen dituen botere baten beldurragatik isilarazita izan behar diren ideia edo printzipiorik", esan du.
"Botere judizialak ezin du arazo politiko bat konpondu, baina zuek erantzukizun bat daukazue, hau da, krisi politikoa ez larritzea", esan die Sanchezek Goreneko epaileei.
ANCko lider ohiak Socratesek "orain dela 2.500 urte" esandako hitzak aipatuz hasi du bere txanda: "Hobe da injustizia bat jasatea egitea baino".
Hunkituta, Sanchezek Katalunian izandako "indarkeriarik eza" defendatu du. Hori "ez da pasibotasuna, beldurraren eta Estatu errepresibo baten mehatxuaren aurrean ezkutatuta geratzea", baizik eta, "Socratesek egin zuen bezala, ondorioak onartzea, bidegabeak diren eta mina eragiten duten arren".
Jordi Turull kontseilari ohia. Argazkia: EFE
Jordi Turull kontseilari ohiak akusazioak kritikatu ditu, "independentismoari eskarmentua ematen eta buruzagirik gabe uzten saiatzeagatik", "erabateko zehaztasun faltarekin", eta "konponbide penalen bidez gai politiko" bat konpontzeko helburuarekin.
Aulkian bere ideiengatik eta bere aktibitate politikoari uko egin ez ziolako dagoela esanda hasi du bere azken hitzerako txanda: "Independentista naiz; banaiz eta izango naiz, ez dut ezkutatuko".
Akusatuak esan duenez, akusazioek " erasoarekin eta errespetu faltarekin nahastu dituzte desadostasuna, kritika eta protesta", eta hori "bere buruarekin ziur ez dauden edo autoritarioak diren mentalitateei" egotzi die.
"Independentistoi beste jokorako arau desberdinak aplikatu nahi dizkigute, akusazioentzat dena balio izan zaielako", horrek askatasunetan eta eskubideetan urte asko atzera egitea esan nahi badu ere.
BIDEOA | Kataluniako herritarrek adi-adi jarraitu dituzte politikari presoen azken hitzak
"Ez naiz batere damutzen", esan dio Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak epaimahaiari, 2017ko udazkenean Katalunian gertatutakoan izandako parte-hartzeagatik ondorio guztiak onartuz. "Berriz egingo nuke", azpimarratu du.
Berriro bere burua "preso politiko" bezala aurkeztu du "epaiketa politiko" batean. Katalunian gertatutakoa "desobedientzia argia" izan zela adierazi du Cuixartek, eta "ez du inolako zigor penalik merezi".
Azken hitza ez du defendatzeko edo zigorra murrizten saiatzeko erabili, oinarrizko eskubideen ariketari eusteko baizik, nahiz eta epaiketan hori aurpegiratu. Lan horretan "eskuin muturrak" zeresan handia izan duela gogorarazi du Cuixartek.
"Batzuen eta besteen arrazoiak hobeto ezagutzeko eta elkarri entzuteko beldurra dago", erantsi du Cuixartek. Omniumeko presidentearen ahotan, horrek gatazka politiko bati erantzuna ematea eragozten du, orain "demokraziari epaiketa" bihurtuz.
Ganberako Mahaian lankide izan zituenetatik bereiztea gogor aurpegiratu die Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuaren presidente ohiak akusazioei azken hitzan; izan ere, Kataluniako Auzitegi Nagusian ez dituzte matxinadagatik epaituko desobedientzia delitu batengatik baizik.
Guztira, 447 egun espetxe "bidegabean" eman dituela gogorarazi du Ganberako presidente ohiak. Forcadellen hitzetan, lau hilabeteko epaiketa baten ondotik, bere aurkako akusazioak mantentzea "guztiz ulertezina" da.
"Nire jokabideak Mahaiko gainerako kideek izandako berdinak direla frogatu dute dokumentuek eta testigantzek, nire lankideek egindako adierazpenetatik ez naiz sekula aldendu", azaldu du. Parlamentuan hartutako erabakietan bere botoa gainerako kideena "bezain garrantzitsua edo ez hain inportantea" izan zen, gaineratu duenez.
Europako begien aurrean, eskubide eta askatasunen mugak markatuko dituela ohartarazi dio Josep Rull kontseilari ohiak epaimahaiari. "Gure atzetik gehiago etorriko dira", bermatu die magistratuei. "Herri baten askatasun grina giltzapetzeko kartzela nahikorik ez dago", erantsi du.
Azaldu duenez, Katalunian U-1ean egon ziren eurodiputatuek eta ondoren kartzelan bisitatu dituztenek epaiketa honen garrantzia azpimarratu dute. Eskubideei eta askatasunei jartzen zaizkien mugak erabakitzeko "erantzukizun handia" du auzitegiak, eskuin muturrak setiatutako Europan ondorio "oso negatiboak" izan ditzakeen erabakia.
"Demokrazia demokrazia gehiagorekin defendatzen da, eta eskubideak eskubide gehiagorekin"; "Hemen arazo politiko bat dago eta politikoki konpondu daiteke", adierazi du Rullek.
Azkenik, 1978ko Konstituzioaren "arima eta letrari leial" izaten beti ahalegindu dela ziurtatu du Santi Vila Enpresa kontseilari ohiak, "pribatuan zein publikoan". Auzitegi Gorenean "konfiantza osoa" agertu du Vilak, Espainia erabateko demokrazia ez dela dioen "legenda beltza" errefusatu ondoren.
Carles Puigdemot president ohiak hauteskunde arruntak deitzerik "nahi ez edo ezin zuelako" aldebakarreko independentzia aldarrikapena baino lehen dimisioa ematea erabaki zuela gogorarazi du Vilak, ez gobernukideek legea urratuko zutenik uste zuelako.
BIDEOA | Independentismoa beldurrarazteko epaiketa izan dela salatu dute alderdi katalanek