Politika -

Auzitegi Gorena

Roig: 'Espainiaren batasunaren defentsak ezin ditu oinarrizko eskubideak sakrifikatu'

Carme Forcadellen defentsak, bestalde, Parlamentuko presidente ohiaren jarrera "puztea, asmatzea eta handiestea" leporatu dio Fiskaltzari.

Marina Roig, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen abokatua. Argazkia: EFE
Marina Roig, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen abokatua
Marina Roig, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen abokatua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marina Roigek, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen abokatuak, azken arrazoibideak eman ditu Kataluniako prozesu subiranista epaitzen ari den epaiketan, eta defendatu du 2017ko udazkenean egindako mobilizazio guztiak bilera-eskubidearen testuinguruan ulertu behar direla: "Espainiaren batasunaren defentsak ezin ditu oinarrizko eskubideak sakrifikatu", esan du.

"2017an oihartzun handiko gatazka sortu zen Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanaren harira, eta herritar batzuek erantzun demokratikoa eman zioten horri, hots, kalera atera ziren politikariei erantzukizunak eskatzeko. Horretarako, baina, ez ziren indarkeriaz baliatu", nabarmendu du Roigek.

Ordu betez aritu da hizketan, eta, modu azkarrean, zazpi epaileei adierazi die bere asmoa ez dela duela bi urteko udazkenean Katalunian gertatutakoari garrantzia kentzea, "dagokion tokian kokatzea" baizik. "Harro egon behar gara herritarrak kalera irten zirelako", berretsi du.

Forcadellen abokatuak gezurra esatea egotzi dio Fiskaltzari

Carme Forcadellen defentsak, bestalde, Parlamentuko presidente ohiaren jarrera "puztea, asmatzea eta handiestea" leporatu dio Fiskaltzari. "Egon ez den lekuetan agertu da, hitz egin ez zuen tokietan hitz egin du, txioak asmatu dituzte eta adierazpenak aldatzeaz arduratu dira".

Horregatik, Olga Arderiu abokatuak salatu du Forcadellen eta Parlamentuko gainerako kideen egoera ez dela parekoa; Gorenak epaitu duelako lehena, 17 urteko espetxe zigorra egotzita, eta Kataluniako Justizia Auzitegiak bigarrena, desobedientzia delitua soilik leporatuta.

"Ez zuen erreferenduma egiteko baimenik eman, manifestazioetan ez zuen indarkeriaren aldeko deirik egin, eta haren paper garrantzitsuena ez zen Kataluniako aferari itxura legala ematea izan". Legeak irailaren 6an eta 7an aurkeztu zituzten alderdiek, eta Parlamentuan onartuak izan ziren geroago.

Hori dela eta, "Forcadell izateagatik" zigortu nahi dutela aurpegiratu die fiskalei Arderiuk.

Mariano Bergesen deklarazioa

Dolors Bassa kontseilari ohiaren abokatu Mariano Bergesek ukatu egin du 2017an gertatutako matxinada, sedizio edota matxinada helburu zuen konspirazio delitua izan zenik. Haren iritzian, herritarrei "modu baketsuan" bozkatzera joateko deia egitea ez da jendea Poliziaren aurka jartzea. Beraz, Bergesen hitzetan, istilu batzuetan botoa ematen joan zirenen "gorroek, irainek, gorroto begiradek eta ostikoek" ez dute sistema konstituzionala estutasunean jartzen.

Azken saioa

Aurreikusitakoaren arabera, asteazken honetan bukatuko da Auzitegi Gorenean proces auziaren ahozko epaiketa, abokatu defendatzaileen ondorioekin eta akusatuen azken adierazpenenekin. Horretarako, 15 minutuko txandak izango dituzte auzipetu guztiek.

Ezustekorik ezean, beraz, proces auzia epaitzen ari den auzitegiak gaur bertan emango dio amaiera otsailaren 12an abiatutako epaiketari. Guztira, 422 lekukok deklaratu dute harrezkero.

Azken txanpa iragan ekainaren 4an hasi zen, orduan heldu baitziren akusazioen lehen ondorioak.

Asteazken honetako saioari dagokionez, Marina Roig izan da hitza hartzen lehena, Jordi Cuixart ordezkatuz. Hasiera batean, asteartean deklaratu behar zuen Roigek, baina ondoezik zegoenez, deklarazioa atzeratzea erabaki zuten.

Hartara, hamabi auzipetuen abokatuek hitz egin ostean (akusatu bakoitza defenditzeko ordubeteko tartea dute), akusatuen azken adierazpenak entzungo dira Auzitegi Gorenean.

Nahi izatekotan, orain arte esan gabe utzi dutena adierazteko edota azken defentsa saiakera egiteko aukera izango dute guztiek. Horretarako, 15 minutuko txanda izango du bakoitzak.

Behin adierazpenak eginda, epaiaren zain geratuko dira. Litekeena da ebazpena uda bukatutakoan iristea. Orduan emango du auzitegiak behin betiko zigorren berri.

Akusatutako hamabi buruzagi independentistetatik bederatzi espetxean daude, Fiskaltzak matxinada delituak egotzi zizkielako. Hori dela eta, 16 eta 25 urte bitarteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien. Estatuko Abokatutzak, berriz, arindu egin zien zigorra (8 eta 12 urte bitartean). Bestalde, aske dauden akusatuek 7 urteko zigorrari egin beharko diote aurre, "dirua bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik".

Euskal ordezkaritza Madrilen

Joseba Egibar (EAJ) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) Legebiltzarreko bozeramaileak epaiketaren azken saioaren lekuko dira.

Egibar: 'Hitza herriari emateagatik daude auziperatuta'
Egibar: 'Hitza herriari emateagatik daude auziperatuta'
Egibar: 'Hitza herriari emateagatik daude auziperatuta'

1:30

Maddalen Iriarteren ustez, 'proces' auziaren zigorra zentzagarria izango da
Maddalen Iriarteren ustez, 'proces' auziaren zigorra zentzagarria izango da
Maddalen Iriarteren ustez, 'proces' auziaren zigorra zentzagarria izango da

2:23

Torra eta Torrent, azken saioan

Bestalde, Quim Torra Generalitateko presidentea, Pere Aragones presidenteordea, Roger Torrent Parlamentuko presidentea eta Meritxell Budo Kataluniako Gobernuko bozeramailea Madrilen dira gaur.

Gainera, ERC alderdiaren ordezkariak Auzitegi Gorenera gerturatu dira: Marta Vilalta, Gabriel Rufian, Diana Riba eta Isaac Peraire, besteak beste. JxCatek ere ordezkaritza bidali du bertara: Josep Costa eta Laura Borras.

Behin saioa bukatuta, Torrak agerraldia egingo du komunikabideen aurrean. Oraindik, baina, argitu gabe dago zein ordutan hitz egingo duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean