Politika -

EAJ-PSE-EE ITUNA

EAJk atzera bota du Irungo Alkatetzara aurkezteko erabakia, 'erantzukizunagatik'

Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' tertulian, Egibarrek onartu du bere alderdiak Iridoyren hautagaitza 'desaktibatzea' erabaki duela, PSEren 'xantaia'ren aurrean.

Xabier Iridoy, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB.
Xabier Iridoy
Eusko Alderdi Jeltzaleak Irunen inbestidurara hautagairik ez aurkeztea erabaki du

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar GBBko presidente eta EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak gaur goizean baieztatu du ez dutela Xabier Iridoy Irungo Alkatetzara aurkeztuko, Jose Antonio Santano alkatea kentzeko (alderdi bozkatuena izan zen Santanoren PSE-EE maiatzaren 26an), sozialistek instituzioetan dituzten akordioak hausteko "egindako mehatxuaren ostean".

Irungo EAJk atzo gauean hartu zuen Iridoy ez aurkezteko erabakia, herri horretan gertatu zitekeenagatik sozialistek jeltzaleekin EAEko gobernabilitate-akordio instituzionala ez berritzeko mehatxua egin eta gero.

Larunbat honetan, Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" tertulia politikoan Egibarrek onartu du bere alderdiak Iridoyren hautagaitza "desaktibatzea" erabaki duela, PSEren "xantaia"ren aurrean.

Azaldu duenez, aurreko asteazkenean bi alderdietako ordezkariek izan zuten bilera batean PSE-EEk argi utzi zuen "edozein negoziazio-prozesu hasteko, EAJk Irunen hautagairik ez aurkeztea ezinbesteko baldintza" zela.

"Badakite hautagaitza hori aurkeztea salaketa politiko antzeko bat dela, une honetan Irunen bizi den egoera dela eta", azaldu du, aurreko legegintzaldian sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioa hautsi izanari erreferentzia eginez.

"Akordio horren Gipuzkoako jarraipen batzordeak, guztiek bat eginda, erabaki zuen akordioa hautsi egin zela eta horren ardura Santanorena zela, eta oso esanguratsua da koalizio Gobernu bat haustea, eta ardura alkatearena izatea" esan du.

Bere iritziz, ezin da argudiatu Santanok "hauteskundeak irabazi dituela eta beraz, aro berri batean sartzen bagara, iraganeko guztia ezabatuta geratzen dela". "Irunen gertatu zena oso larria izan zen. Udalean bertan ikerketa-batzordea eratu zen, alkateak gure zerrendaburuari buruz akusazio larriak egin zituelako".

"Iraganeko kontu bat" dela onartu du Joseba Egibarrek, baina "aurkaria suntsitzeko kontu horretan Santano jaunak badu esperientzia" gaineratu du. Ildo horretan, gogoratu du ikerketa-batzorde hark ondorioztatu zuela "Iridoy hirigintza-ustelkeriarekin lotu nahi izan zuela alkateak, eta hori horrela ez zela ondorioztatzeaz gain, akusazio hori alkatearengana zuzendu zuela batzordeak".

Hala, "hautagaitza hau aurkezteak, izaera politikoa duen salaketa sinbolikoa ere bazena, PSE-EEk EAJ estutzeko" erabili duela salatu du Egibarrek eta horrek agerian uzten duela "PSE-EEren ahultasuna Jose Antonio Santanoren aurrean".

Egibarrek jakitera eman duenez, Irungo EH Bildu eta Podemos ez zeuden prest hautagaitza alternatibo bat babesteko, "beraz, erantzukizun-ariketa bat eginez, Iridoyren hautagaitza atzera botatzea besterik ez zaigu geratzen, inork desestabilizaziorako erabil ez dezan. EAJ oposizioan egongo da, Santanorekiko eta PSE-EErekiko gure ezberdintasuna modu eraikitzaile, demokratiko eta alternatiboan eginez" amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSE-EE Eguneko albisteak Irun Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023