Politika -
Katalunia
Torrak 'premiazko' bilera eskatu dio Sanchezi Kataluniako 'errepresioa' aztertzeko
'Fiskalak talde kriminala garela esan digu, gure kideentzat 70 urteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte, jendea dugu erbestean...', salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Quim Torra Kataluniako Generalitateko buruak iragarri duenez, 'premiazko' bilera eskatu dio gaur bertan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari preso dauden buruzagi independentisten egoera eta "errepresioa" aztertzeko.
"Fiskalak talde kriminala garela esan digu, gure kideentzat 70 urteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte, jendea dugu erbestean, errepresioak ez du etenik. Hau guztia konpondu beharra dugu", adierazi du Torrak
"Sanchez jaunari bilera eskatu nahi diot, lehenbailehen, egoera honen inguruan hitz egiteko", argitu du, eta erantsi eskaera formala arratsaldean egingo duela.
Buruzagi katalanak deitoratu duenez, Estatuko Abokatutzak —orain "PSOEren menpe dagoena", Torraren hitzetan— "Voxek esandako gauza bera esan du bere akusazio txostenean. Ez dugu onartuko".
Horrez gain, NBE lantalde batek preso katalanak "berehala askatzeko" eskatuz egindako txostena ere mahai gainean jarri nahi du Generalitateko buruak.
Espainiako Gobernuarekin negoziazioa abiatuz gero, bi aldeek eskatutakoa modu objektiboan jasoko duen figura bat nahi luke Torrak, "bitartekari" moduko bat, alegia.