Politika -
Irungo udaletxea
EBBk esandakoa bete gabe, Iridoyk Irungo alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko du
Udaletan eta aldundietan gobernatzeko ituna PSErekin negoziatzea erabaki zuen EAJren zuzendaritzak. Alabaina, Xabier Iridoyk alkate izaten saiatuko dela iragarri du. Irunen sozialistak gailendu ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak astelehenean erabakitakoari entzungor eginda, Xabier Iridoyk jakinarazi du Irungo alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko duela datorren ekainaren 15ean eta, beraz, Jose Antonio Santano PSE-EEren alkategaiari lehia egingo dio.
Udaletan eta aldundietan gobernatzeko, itunak PSE-EErekin negoziatzea erabaki zuen astelehenean EAJren zuzendaritzak. Alabaina, Irun Irratian egindako elkarrizketa batean, Iridoyk esan du erabaki hori "irizpide orokor bat" dela eta "salbuespenak" egon daitezkeela eta, ondorioz, berak hautagaitzari eutsi egingo diola.
Maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan PSE-EE gailendu zen, 10 zinegotzi lortuta; EAJk zazpi hautetsi eskuratu zituen; Elkarrekin Podemosek, 4; EH Bilduk, hiru; eta PPk, bat.
Joan den legegintzaldian koalizio gobernua osatu zuten sozialistek eta jeltzaleek, baina 2018ko urtarrilean Santanok Iridoy Hirigintzako kargutik kendu zuen, bere kudeaketan konfiantza galdu zuela argudiatuta. Erabaki horren ondotik gobernatzeko ituna hautsi egin zen.
Ekainaren 15ean alkate izendatzeko, Iridoyk Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko zinegotzien babesa beharko luke. EAJren alkategaiak esan du begi onez ikusten duela PSE-EErekin "Euskadirako akordio orokor bat" negoziatzea, baina azpimarratu du Irungoa "kasu berezia" dela.
Halaber, Gipuzkoako EAJren babesa daukala iradoki du. "Gipuzkoako zuzendaritzarekin harremanetan nago eta Irungo alkatetzerako hautagaitza aurkeztuko dugula esaten badut, segurtasun eta berme guztiekin hitz egiten ari naiz", nabarmendu du.
Horrenbestez, Iridoyk iragarri du datozen egunetan jarriko dela harremanetan EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin.