Politika -
'Proces' auziko epaiketa
Indarkeria ez dela Kataluniako prozesuaren 'egiturazko elementua' uste du Abokatutzak
Rosa Seoane Estatuaren Abokatuak bere tesiaren alde egin du Kataluniako prozesu independentistari egiten ari zaion epaiketako bukaerako txostenaren aurkezpenean.
Agentziak | Erredakzioa
Bere akusazioa defendatu du Estatuaren Abokatutzak Kataluniako politikari independentistaren aurkako epaiketan. Sedizioa leporatzen die Abokatuak, eta ez matxinada delitua, Fiskaltzak egiten duen moduan. Bere ustez, indarkeria ez da akusatuen independentzia lortzeko "planaren egiturazko elementu bat", eta ez zen "modu proportzionatuan" antolatu.
Rosa Seoane Abokatutzaren Zigor arloko buruak Auzitegi Gorenean azaldu duenez, akusatuek "guztiz berariaz eta modu antolatuan hartu zuten parte altxamendu publiko eta zalapartatsuan U-1ean", erreferenduma galaraztea ordenatzen zuen agindu judiziala "galarazteko eta neutralizatzeko helburu argiarekin". Hau da, sedizioa izan zela.
Espainiako Gobernuaren menpe dagoen Abokatutzarentzat, urriaren 1ean "mugimendu erreaktibo" bat egon zen, "modu orokortuan, jendetsuan eta, jakina, publikoan", eta "nolabaiteko antolakuntza zuten pertsonen elkarretaratze jendetsuak , legearen ezarpena galarazteko" prest.
Seoaneren arabera, "sedizio delituaren elementu guztiak eman ziren U-1eko jokatzeko moduan". Egun horretan, "elkarretaratutakoen oposizioaren bitartez" Estatuaren segurtasun indarren aurrean erresistentzia aktiboa edo pasiboa egin zen eta agindu judiziala betetzea galarazten saiatu ziren, zenbait alditan larritasun "handiko edo txikiko" egoerak emanda.
Abokatutzarentzat, bederatzi akusatu, Oriol Junqueras buru dutela, sedizio delituaren autoreak dira, denek helburu bera bilatzen zutelako, eta "bakoitzak bere esparruaren barruan beharrezkoa zena jarri zuen".
Carme Forcadellen "funtsezko" jokabidea nabarmendu du Seoanek, "legaltasun itxura hori, prozesu osoa babesten zuen guztiz legez kontrakoa zen araudi bat" sortzeko.
Jordi Sanchez eta Cuixarten "dei egiteko eta lidergo gaitasuna" azpimarratu du, 2017ko irailaren 20ko erregistroetako elkarretaratzeetan, Guardia Zibilaren ibilgailuen gainean igo zirenean "jendetza jarduketa judizialaren kontra adoretzeko". Esan duenez, herritarrek "zorrozki" jarraitzen zituzten "haien jarraibideak".
Dirua bidegabe erabiltzearen delituari buruz, Estatuaren abokatuak esan du frogatutzat geratu dela prozesu independentistaren kaltea, epaiketan egiaztatuta geratu diren "gutxieneko" gastuetatik haratago.
"Generalitatearen giza baliabideak eta baliabide material guztiak legez kontrako helburu horri esleitu dira, ondareari kalte eginez", esan du.
"Estatu kolpe bat" izan zela defendatu du Fiskaltzak
Javier Zaragoza fiskala izan da hitza hartzen lehena. Nabarmendu duenez, "Katalunian 2015eko martxotik 2017ko urrira gertatutakoa estatu kolpea izan zen, Hans Kelse juristaren terminologiaren arabera". Era berean, azken hilabete horretan izandako "indarkeria matxinadetan izaten den parekoa" izan zela salatu du.
Zaragozak matxinada delitua arrazoitu du. Izan ere, tipo penal horrek "ez du indarkeria larririk edo indarkeria armatuaren beharrik. Kataluniako prozesua ordena konstituzionalaren kontrako erasoa izan zen, ez ordena publikoaren kontrakoa", azaldu du.