Politika -
Epaiketa prozesu soberanistari
De los Cobosen eta Ferran Lopezen arteko aurrez aurrekoa ukatu du Gorenak
Manuel Marchena epailearen esanetan, "frogak baloratzeko arau orokorrak" hartuko ditu kontuan Auzitegiak bien adierazpenen arteko desadostasunak argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako prozesu suberanistaren aurkako auzia epaitzen ari den Auzitegiak Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko teniente koronelaren eta Ferran Lopez Esquadra Mossoen komisarioaren arteko aurrez aurrekoa ukatu du. U-1eko auzipetuen defentsak lekuko bien arteko aurrez aurrekoa eskatu zion Auzitegi Gorenari, euren adierazpenetan sortutako desadostasunak ikusita.
Manuel Marchena Auzitegiko presidenteak De los Cobosen eta Ferran Lopezen adierazpenen arteko desadostasunak onartu ditu, baita defentsaren zein akusazioaren lekuko "ugariren" artekoak ere. Horrenbestez, horren esanetan, "frogak baloratzeko arau orokorrak" hartuko ditu kontuan Auzitegiak bien adierazpenen arteko desadostasunak argitzeko.
Xabier Melero Joaquim Forn kontseilari ohiaren abokatuak eskatu zuen bien arteko aurrez aurrekoa, U-1ean Poliziak prestatutako neurrien harira agertutako iritzi ezberdinak ikusita.
De los Cobosen esanetan, "iruzurrezkoa" izan ziren Mossoek prestatutako neurriak, eta ez zioten aldez aurretik neurri horien berri eman; Lopezen hitzetan, aldiz, neurri horiek "hiru polizia taldeen artean adostu" zituzten, baita De los Cobosekin ere, "berak onartu eta diseinatu baitzituen neurrien nondiko norakoak".