Politika -

EPEAK ETA PROZEDURAK

Udal berriak ekainaren 15ean eratuko dira

Nafarroako Parlamentua ekainaren 19an osatuko da, eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako ahaldun nagusien kargu-hartzeak ekainaren amaieran edo uztailean izan daitezke.

Iruñeko udaletxea. Argazkia: Vicente Guinea González de Artaza
Iruñeko udaletxea
Iruñeko udaletxea. Argazkia: Vicente Guinea González de Artaza

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 26ko bozketen ostean, ekainaren 15erako osatuta geratuko dira udal gehienak, baina uztailaren 5era arte atzeratu daiteke prozesua helegiterik baldin badago. Nafarroako Parlamentua ekainaren 19an osatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ahaldun nagusien kargu-hartzeak, berriz, ekainaren amaierara arte edo uztailera arte luzatuko dira.

Igandean bozak kontatu ostean, batzorde elektoralek zenbaketa ofiziala maiatzaren 29 eta ekaineran 1era artean egingo dute. Eta data horren ondoren, hainbat epe daude behin betiko izendapenetara arte.

LOREG legearen arabera, udal korporazioak saio publikoan osatzen dira, hauteskundeak izan eta hogeigarren egunean (ekainak 15). Helegiterik izan bada, berrogeigarren egunean izango litzateke (uztailak 5).

Udala osatzen den egunean hautatzen da alkatea. Horretarako, gehiengo osoa behar da lehen bozketan, eta inork lortuko ez balu, boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatuko dute alkate.

Berdinketa egonez gero, zozketa bidez aukeratuko da alkatea.

Batzar Nagusietan ezberdina da prozedura

Arabako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorrak osoko bilkura deitu beharko du hauteskunde batzordeak balizko helegiteak argitu eta aldarrikapena egiten duenetik 10 eguneko epean, gehienez. Osoko bilkura horretan Mahaiko kideak hautatuko dira, inkonpatibilidadeen batzordeko ordezkariak aukeratuko dira eta hurrengo 15 egunen baitan hautatuen konpatibilitate ebazpena onartu beharko dute. Egun horretan beste osoko bilkura bat deituko da ahaldun nagusia izendatzeko, gehienez 30 eguneko epean.

Bizkaiko Batzar Nagusietan osaketa 51 batzarkidetatik 17 (herena) akreditatzen direnean hasten da. Zazpi eguneko epean osoko bilkura deitu beharra dago eta inoiz ere ez hauteskundeak izan eta hilabete baino beranduago. Lehen bilkura horretan, osatuta geratzen dira Batzar Nagusiak, Mahaia hautatzen da eta Inkonpatibilidade batzordea izendatzen da. Hurrengo osoko bilkura batean inkonpatibilitate ebazpena bozkatzen da eta ondoren beste osoko bilkura baterako data ezartzen da, aurrez epe mugarik ez duena, Bizkaiko ahaldun nagusia hautatzeko.

Gipuzkoan ere diputatuen herena akreditatzen den momentutik hasten da atzera kontaketa. Hurrengo 15 egunetan Batzar Nagusiak osatzeko bilkura bat deitu beharra dago, Mahaia osatzeko eta, han, beste osoko bilkura baterako data ezarriko da Inkonpatibilidadeen batzordea izendatzeko. Batzorde horrek zazpi eguneko epea izango du ebazpena emateko eta Batzar Nagusiak eratu direnetik 10 eguneko epea izango du bozketara eramateko. Ahaldun nagusiaren izendapen bilkura ere Batzar Nagusiak eratu eta gehienez 15 egunera izango da.

Legearen arabera, gehiengo osoa beharko luke ahaldun nagusiak lehen bozketan, baina lortu ezean, gehiengo sinplez atera daiteke bigarren bozketan.

Bigarren bozketa horretan bi hautagairen arteko berdinketa balego, hauteskundeetan boto gehien lortu dituena izendatuko litzateke ahaldun nagusi.

Nafarroako Parlamentuaren osaketa

Nafarroako Parlamentuaren osaketari dagokionez, igande gauean jakingo da nola geratuko diren banatuta 50 eserlekuak. Talderen batek 26 lortuko balitu, gehiengo absolutua izango luke eta Nafarroako Gobernua bere esku geratuko litzateke. Kopuru horretara iritsi ezean, akordioak egin beharko dituzte.

Ekainaren 19an izango da berez Parlamentuaren osaketa eta egun horretan izendatuko dituzte Ganbera horretako Mahaiko bost pertsonak: presidentzia, bi presidenteordetzak eta bi idazkaritzak.

Presidentziak 10 eguneko epea izango du alderdiekin kontsulta errondari ekiteko eta Gobernu forala gidatzeko hautagairik ba ote dagoen ikusteko. Baiezko kasuan, inbestidura plenoa deituko du. Hautagaiak gehiengo osoa beharko du lehen bozketan (26 boto) edo gehiengo sinplea bigarrenean (aldeko boto gehiago kontrakoak baino). Gutxienez, 24 orduko tartea egon beharko da bi bozketen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako Hauteskundeak Albisteak Gaur Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak