Politika -
IAT auzia
Generalitateak Oriol Pujoli emaniko erregimen irekia atzera bota du epaileak
Aurrerantzean ezin izango da egunez kartzelatik atera, gutxienez aurkezteko eskubidea duen helegitea ebatzi bitartean. Bi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten IAT auzian.
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateak Oriol Pujol CDCko buruzagi ohiari martxoan emaniko erregimen irekia berehala kentzeko erabakia hartu du espetxe-zaintzako epaileak. Aurrerantzean ezin izango da egunez kartzelatik atera. Bi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten IAT auzian.
Ebazpena berehala bete beharrekoa da, baina helegitea aurkezteko aukera du Pujolen defentsak. Justizia Kontseilaritzak hartutako erabakiaren kontra errekurtsoa aurkeztu zuen Fiskaltzak, eta Kataluniako espetxe-zaintzako epaileak onartu egin du. Jordi Pujol presidente ohiaren semeari hirugarren gradua eman zioten martxoaren 21ean.
Oriol Pujol Brians 2ko kartzelara bidali zuten urtarrilaren 17an, legez kontrako dirusariak kobratzea egotzita. Martxoaren 29az geroztik espetxera lo egiteko bakarrik joaten zen, data horretan hasi baitzen Generalitateak emaniko erregimen irekiaz gozatzen.
Erregimen irekia kentzeko epailearen erabakiarekin, ostegun honetan Oriol Pujol gaua igarotzeko kartzelara itzultzen denean, ezin izango da berriz egunez espetxetik atera, gutxienez aurkezteko eskubidea duen helegitea ebatzi bitartean.