Politika -

KATALUNIA

Preso dauden diputatu eta senatariak berehala kargugabetzeko eskatu du Fiskaltzak

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak Auzitegi Gorenaren esku utzi du diputatuak kargugabetzeko erabakia.

Rull, Turull eta Sanchez, atzo, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Rull, Turull eta Sanchez, atzo, Diputatuen Kongresuan
Rull, Turull eta Sanchez, atzo, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo abiatu zen legegintzaldia Diputatuen Kongresuan eta Senatuan, preso katalanak bertan zirela. Gaur, preso dauden diputatu eta senatari katalanak berehala kargugabetzeko eskatu dio Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Kataluniako prozesuaren auzia daraman aretoari.

Zehazki, Kongresuko eta Senatuko Mahaiekin harremanetan jartzeko eta dagoeneko beren karguez jabetu diren bost parlamentari katalanei diputatu edo senatari izaera eteteko galdegin dio.

Javier Zaragoza eta Fidel Cadena fiskalek sinatu dute Ministerio Publikoaren eskaria. Gaur aurkeztutako idatzi horren helburua Raul Romeva senataria eta Oriol Junqueras, Josep Rull, Jordi Turull eta Jordi Sanchez diputatuak kargugabetzea da, Ganberako araudia interpretatu beharrik gabe. Auzitegi Gorenak iragan astean bi ganberei bidalitako idazkian, gorteen esku utzi zuen erabakia.

Mahaiek bilera egin aurretik, PPk, Ciudadanosek eta Voxek hainbat idatzi erregistratu dituzte, bost parlamentariak berehala kargugabetzea eskatzeko.

Bestalde, Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak ziurtatu duenez, Kongresuko araudia eskuan, bost politikari katalanek ezin dute karguan jarraitu.

Karguaren zina egin zuten atzo, legeak behartuta eta Errepublikaren alde

Atzo Diputatuen Kongresuan eta Senatuan egindako saioetan, "legeak behartuta" onartu zuten Espainiako Konstituzioa Kataluniako diputatu independentistek, preso politikoen askatasunagatik eta Errepublikaren alde.

Oriol Junquerasek "konpromiso errepublikarrarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta" egin zuen karguaren zina. Junts per Catalunyako ordezkariek, berriz, "2017ko urriaren 1eko mandatuarekiko leialtasunez eta legeak behartuta" egin zuten Konstituzioaren zina.

Raul Romeva ERCko senatariak, ostera, "preso politiko gisa" egin zuen karguaren zina: "Kataluniako Errepublika aldarrikatu arte, askatasuna eta berdintasunarekiko konpromisoarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta, bai, zin dagit".

Azkenik, eguneko beste irudietako bat Pedro Sanchezen eta Oriol Junquerasen arteko agurra eta elkarrizketa izan zen. "Nola zaude?", galdetu zion Sanchezek Junquerasi, eta honek zera erantzun zion: "Hitz egin behar dugu".

Batetek Gorenaren esku utzi du erabakia

Testuinguru honetan, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak azalpenak eskatu dizkio Auzitegi Gorenari, idatziz, Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis artikulua nola gauzatu behar den argitu dezan.

Ganberako Mahaian diputatu presoak kargugabetu edo ez erabakitzeko bilera deitu baino lehen egin dio kontsulta Batetek Gorenari.

Kongresuan egindako adierazpenetan, Batetek azaldu du bere asmoa dela Gorenak berak erabakitzea “zer egin dezaketen eta zer egin ez dezaketen” diputatu presoek.

Bere ustez, Goi Auzitegiak legegintzaldi osorako irizpidea ezarri beharko luke, “funtzio jurisdikzionala Botere Judizialarena” baita “esklusiban”. “Botere Judizialak ebatzi du beti behin-behineko espetxealdian dauden pertsonen egoera zein den”, gaineratu du.

Bateten esanetan, bere asmoa ez da diputatuak kargugabetzeko erabakia atzeratzea, baizik eta “prozesu egokiena abiatu ahal izatea erabakia lehenbailehen hartu ahal izateko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Auzitegi Gorena bideoak Europako Parlamenturako Hauteskundeak Espainiako hauteskunde orokorrak Nafarroako Hauteskundeei buruzko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Kataluniako prozesua zuzenean Udal eta foru hauteskundeak 2023 Senatua Espainia