Politika -

FRANTZIAN ATXILOTUA

Josu Urrutikoetxea Pariseko espetxe batera bidali dute

Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Aldez aurretik, Pariseko Fiskaltzak atxiloketa aginduaren berri eman dio. 2017ko ekainean, ihes eginda zegoela zigortu zuten.

Josu Urrutikoetxea, Segurtasun Indarrek atxilotu baino lehenago. Argazkia: EFE
Josu Urrutikoetxea, Segurtasun Indarrek atxilotu baino lehenago
Josu Urrutikoetxeak 10 eguneko epea dauka zigorraren aurkako helegitea aurkezteko

1:40

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea desegindako ETAren buruzagi ohia Pariseko espetxe batera bidali du epaileak ostiral honetan. Josu Ternera Frantziako Alpeetan atxilotu zuten ostegunean. Zortzi urteko kartzela-zigorra betetzeke du Frantzian.

Iturri judizialek azaldu dutenez, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Aldez aurretik, Pariseko Fiskaltzak atxiloketa aginduaren berri eman dio. 2017ko ekainean, ihes eginda zegoela zigortu zuten.

Iturri judizial batek azaldu duenez,Urrutikoetxea Santeko kartzelara bidali dute; Pariseko hiri barruan dago. 2019an hasi da berriro presoak hartzen; izan ere, lau urte behar izan dituzte berritzeko. Segurtasun handiko espetxea da orain.

Ondoren, 10 eguneko epea izango du du zigorraren aurkako helegitea aurkezteko, Patrice Guigon Bonnevilleko Auzitegiko fiskalak baieztatu duenez.

Frantziak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion 2017an, auzi-ihesean zegoela.

Auzi-ihesean zegoela epaitua izan zenez, Urrutikoetxeak epaiketa berriro errepikatzea eskatu dezake.

Urrutikoetxea espainiaratzeko aukerez galdetuta Guigon magistratuak azaldu duenez, "Espainiako agintariek estradizioa eskatu dezakete eta Frantziak onartu egin dezake, beti ere, Frantzian betetzeke duen zortzi urteko zigorra betetzen duenean".

Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen espainiaratzea eskatuko du hainbat auzirengatik. Besteak beste, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel baten aurkako atentatua agindu izana egotzi zioten; horretan, 11 lagun hil ziren, sei haur, tartean. 2002an Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak atentatu horrengatik prozesatu zuen.

Halaber, ETAk 1980an Luis Maria Hergueta Guinea Michelin enpresako agintariaren hilketa agindu izana egotzi zioten, eta 2005ean Auzitegi Nazionaleko 1. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak auzipetu zuen.

ETAko buruzagi politiko ohia goizeko lehen orduan atxilotu zuten Sallanchesko ospitalearen aparkalekuan. Handik, Sallancheseko polizia-etxera eraman zuten, eta bertatik berriro ospitalera; izan ere, tratamendua jasotzen ari zen. Ordubete baino gutxiago eman zuen bertan, ondoren polizia-etxera bueltatzeko. Bonnevillera eramateko zain, goiza bukatu eta arratsaldeko lehen orduak Sallanchesko polizia-etxean igaro zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea