Politika -

Katalunia

Miquel Iceta senatari izendatzearen aurka egitea erabaki dute ERCk eta JxCatek

PSOEk Kataluniako erakundeei aurkeztutako "errespetu faltagatik ezetz esan dutela" esan du Sabriak (ERC). Sozialistek Parlamenta "gutxietsi" dutela salatu du Batetek (JxCat).

Iceta, EFEren artxiboko irudi batean.
Miquel Iceta (PSC)
Iceta, EFEren artxiboko irudi batean.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miquel Iceta PCSko buruzagia senatari autonomiko izendatzeko bozketan kontrako botoa ematea erabaki dute azkenean ERC taldekoek. PSOEk Kataluniako erakundeei aurkeztutako "errespetu faltagatik ezetz esan dutela" esan du Sergi Sabria ERC taldeko presidenteak Kataluniako Parlamentuan. Era berean, arratsaldean, bere taldeak kontrako botoa emango duela baieztatu du Albert Batet JxCateko bozeramaileak, sozialistek Parlamenta "gutxietsi" dutelako. Iceta Senatuko presidente izango zela aurreratu dute, senatari izendatu baino lehen, erantsi duenez.

Sabriaren esanetan, "ezezkoa saihetsezina" zen, "hedabideen bitartez" jakin baitzuten Sanchezek Senatuko presidente izateko Iceta proposatu zuela, aurretik Kataluniako Parlamentuak senatari izendatu behar duela kontuan hartu barik.

Errepublikanoen ustez, "inork ezin die adeitasun parlamentarioaz" hitz egin, "espetxean edo erbestean politikoak daudenean".

Oriol Junquerasen gertukoek atzo aztertu zuten gaia, eta gaur talde parlamentarioaren baitan eztabaidatu dute. Bihar egingo dute bozketa, Kataluniako Parlamentuan.

ERCren erabakiak Icetaren asmoak zapuztuko lituzke. Ganberak senatari autonomiko izendatzea errefusatuko balu, Iceta ezingo litzateke Senatuko presidente izan, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak nahi bezala.

CUPek atzo iragarri zuen Iceta izendatzearen aurka egingo zuela, eta JxCatek ere beste hainbeste egingo duela zabaldu da. Alderdi errepublikanoaren ezezkoa baieztatuta, kontrako 65 boto izango dira eta aldeko beste horrenbeste —PSC, En Comu, PP eta Cs alderdiena—. Parlamentuaren araudiaren arabera, berdinketa egonez gero, proposamena baztertuta geratuko litzateke hirugarren bozketan.

Konstituzionalera joko duela iragarri du Icetak

Miquel Icetak berak atzo aitortu zuenez, badaki zail duela izendatzea, baina argi utzi zuen ez zuela talde independentistekin ezertxo ere negoziatuko, senatariak izendatzea kortesia parlamentarioz egin beharreko zerbait dela ulertuta.

Horren hitzetan, Kataluniako Parlamentuak betoa jartzen badio, Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko du, bere eskubideak urratzen ari direla iritzita.

Kataluniako Parlamentuan inoiz ez da kontrako emaitzarik atera halako bozketa batean. Icetari betoa jarriz gero, lehendabizikoa litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainia bideoak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Senatua Espainia JxCat azken ordua Oriol Junqueras albisteak