Politika -
Heriotza
Rubalcaba, ETAren bortizkeriaren amaiera bizi izan zuen Barne ministroa
PSOEko idazkari nagusia eta Espainiako Barne ministroa izan zen. 2011ko abenduan Mariano Rajoyren aurkako hauteskundeak galdu zituen eta 2014an politika utzi zuen.
eitb.eus
Alfredo Pérez Rubalcabak diputatu eserlekuari uko egin eta politika utziko zuela iragarri zuen 2014ko irailaren 2an. 40 urte eman zituen sozialistekin, ibilbide nekaezinean. Agintari sozialista historikoak ardura handiko karguak izan zituen PSOEren gobernu guztietan, dimisioa eman zuen arte. Politika utzi zuenetik, azken bost urteotan, eskolak ematen ibili da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Kimika Zientzien Fakultatean.
PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Barne ministroa izan zen. Ezin izan ditu maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetako emaitzak ezagutu. 2014ko maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan jasotako porrotak eman zion amaiera haren ibilbide politikoari.
67 urte zituela zendu da. 1951. urtean jaio zen, Solaresen (Kantabria), eta Kimika Zientzietan doktorea zen. Politika mundura iritsi aurretik, irakasle lanak egin zituen Madrilgo Konplutentsean. Pilar Goya kimikari euskaldunarekin ezkondu zen, eta ez zuen seme-alabarik izan.
Bederatzi urte eman zituen ministro gisa. Abiadura-lasterkari trebea zen, 100 metroko proba 10,9 segundoan egin zuen, eta 5 hamarren falta izan zitzaizkion marka hausteko. Atletismoa gogoko izateaz gain, nobela beltza, mus jokoa, musika klasikoa eta Real Madril futbol taldea gustatzen zitzaizkion.
23 urte zituela, PSOEn afiliatu zen. Hamalau urte geroago, Hezkuntza idazkari aukeratu zuten, eta Hezkuntza eta Zientzia ministro izan zen zortzi urtez. Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteen gobernuetan funtsezkoa izan zen.
Hezkuntza ministro moduan, Unibertsitate Legearen erreforma eta LOGSE legea bultzatu zituen.
Felipe Gonzalezek Presidentetza Ministerioa eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioa eman zizkion Rubalcabari. 1993 eta 1996 bitartean izan zen horien arduradun nagusi. PSOEk hauteskundeak galdu zituen 1996an, eta Jose Maria Aznar Espainiako presidente berria izendatu zuten. Urtebete geroago, PSOEren Biltzar Nagusiak Exekutibako kide eta Komunikazio idazkari izendatu zuen. XXXV. Biltzarrean (Jose Luis Rodríguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi izendatu zuten biltzarra), Rubalcaba sozialisten Batzorde Federalean sartu zen.
2004. urtean, Kongresuko Talde Sozialistaren bozeramaile izendatu zuten.
PPren aurkako protestetan, M-11ko atentatuen arduradunen inguruan egia ezagutzeko eskubidea aldarrikatu, eta gerora ospe handia izan duen esaldi bat bota zuen: "Gezurrik esaten ez dien gobernu bat merezi dute espainiarrek". PSOEk hauteskundeak irabazi eta gero, sozialisten bozeramaile izendatu zuten Kongresuan.
2006an, Jose Antonio Alonsoren tokia hartu zuen Barne Ministerioan. Berari egokitu zitzaion ETAren su-etena kudeatzea, 2006ko martxoan, baita su-etenaren amaiera ere, Barajasko atentatuaren ostean.
2008an, PSOEk hauteskundeak irabazi zituen berriro, eta Rubalcabak Barne ministro karguan jarraitu zuen. ETAren aurkako borrokan garai erabakigarria izan zen hori, 530 lagun atxilotu baitzituzten ETAko kide izatea egotzita, eta 200 lagun inguru, "kale borroka" egotzita. Bestalde, Rubalcabak Kataluniako Estatutua negoziatzeko ardura ere izan zuen.
Kazetariekin ondo moldatu zen, eta prentsaurrekoetan ohikoa zen kazetariak maneiatzen ikustea edo bere buruari galderak egiten jardutea; batez ere, bozeramaile izan zen garaian.
ETAk su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri zuenean, Rubalcabak honakoa esan zuen: "Atzo baino lasaiago nagoen galdetzen badidazue, baietz erantzun behar dizuet, baina hau amaiera ote den galdetzen badidazue, ezetz esan behar dizuet. Gizarteak espero zuena ote den galdetzen badidazue, berriz, ezezko biribila eman behar dizuet".
Zapaterok Gobernuko presidenteorde izendatu zuen, eta kargu horretan izan zen 2011ko hauteskunde orokorretara bere burua aurkeztu zuen arte. Orduko hartan, Mariano Rajoyren aurkako lehia galdu zuen, eta PSOEk galera handia izan zuen: sozialistek 110 eserleku baino ez zituzten lortu.
2014ko Europako hauteskundeetan sozialistek lortutako emaitzak ezagutu eta 24 ordura, bere ibilbide politikoari amaiera eman zion eta kargua utzi zuela iragarri zuen.