Politika -
PSOE
Rubalcaba, larri ospitaleratuta iktus bat izan ostean
PSOEko buruzagi historikoa 19:15eanan eraman dute Puerta de Hierro Majadahonda ospitalera (Madril), larri. Hurrengo 72 orduetan izango duen eboluzioaren zain daude medikuak.
Agentziak | Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba, PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko Barne ministro ohia, larri ospitaleratuta dago Puerta de Hierro Majadahonda ospitalean (Madril), "garuneko infartu batekin bateragarriak diren sintomekin", iktus bat jasan ostean. Hurrengo 72 orduetan izango duen eboluzioaren zain daude medikuak.
Ospitalean emandako parte mediko baten arabera, 19:15ean ospitaleratu dute Rubalcaba, eta iktuserako "ohikoa den protokolo diagnostikoa eta terapeutikoa" aplikatu diote.
Madrilgo larrialdi zerbitzuek deia jaso dute 18:12ean, 67 urteko gizon bat etxean zorabiatu zela esanez, bozeramaile baten arabera.
Kimika Organikoan doktorea den PSOEko buruzagi historikoak eskolak ematen ditu Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Kimika Zientzien Fakultatean, 2014ko irailaren 2an eserlekua eta politika utzi zituenetik.