Politika -

Bilera Moncloa Jauregian

Podemosek eta PSOEk akordio bat adosteko borondatea dutela azpimarratu du Iglesiasek

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias bi ordutik gora eman dituzte bilduta Moncloa Jauregian, PSOEko buruzagia alderdiekin egiten ari den bilera-sortaren baitan.

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, Moncloa Jauregiaren atarian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, Moncloa Jauregiaren atarian.
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, Moncloa Jauregiaren atarian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesiasek esan du Pedro Sanchezek eta berak PSOEko buruzagiaren inbestidura ahalbidetuko duen akordio bat adosteko borondatea dutela, eta ziur agertu da ituna hitzartuko dutela.

"Berehala hasi behar dugu lanean ados jartzeko, horretan bat gatoz", adierazi du Iglesiasek Moncloa Jauregian egin duen agerraldian.

Sanchezek eta Iglesiasek bi ordu eman dituzte bilduta, PSOEko buruzagiak PP, Ciudadanos eta Podemos alderdietako ordezkariekin egin duen bilera-sortaren baitan.

Hala ere, ezberdintasunak ere badituztela onartu du Iglesiasek. Izan ere, Podemosek koalizio-gobernua osatu nahi du PSOErekin; Sanchezek, berriz, bakarrik gobernatu nahi du. Nolanahi ere, alderdi moreko buruzagia baikor agertu da.

"Gizarteak argi esan digu alderdi progresistak elkar ulertzeko gai izan behar dugula, eta Sanchez eta biok bat gatoz horretan", erantsi du.

Nolanahi ere, Iglesiasek zuhurtzia eskatu du, akordio bat lortzeko "denbora eta lan asko" beharko dutela iritzita.

Gehiengo progresista bilatuko dute Kongresuko Mahaian

Bestalde, Espainiako Gobernuko iturriek azaldu dutenez, Kongresuko Mahaian progresistek gehiengoa izatea bilatuko dute Iglesiasek eta Sanchezek.

Elkarlanean aritzeko borondatea agertu dute biek, eta hitz egiteko gai asko dituztela erantsi dute. Alabaina, epe laburrean lehentasuna Kongresuko Mahaiari buruzko negoziazioa izango dela adierrazi dute aipatu iturriek.

Negoziazioa PSOEko Adriana Lastrak eta Unidas Podemoseko Irene Monterok gidatuko dutela jakinarazi dute.

Datorren legegintzaldian "egitasmo progresistak" abiatzea bermatu nahi du PSOEk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak