Politika -
PSOE-PP bilera
Independentisten babesarekin gobernatu ez dezala eskatu dio Casadok Sanchezi
Pedro Sanchez eta Pablo Casado ia bi orduz egon dira bilduta Moncloa Jauregian, PSOEko buruzagiak alderdi politikoekin hasi duen bilera-sortaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainian gobernatzeko bidean alderdi independentisten balizko babesari uko egin diezaiola eskatu dio gaur Pablo Casadok Pedro Sanchezi.
Alderdi Popularreko eta PSOEko buruzagiak Moncloa Jauregian bildu dira 13:00etan. Batzarra amaituta, Casadok agerraldia egin du legegintzaldi berrian Espainiak "gobernu ahula" izango duela adierazi du.
Halaber, oposizioa PPk zuzenduko duela eta "oposizio zorrotza, baina arduratsua" egingo duela agindu du.
Balizko itunei buruz hitz egin ez badute ere, Casadok Sanchezi esan dio "Espainia alderdi independentisten menpe" ezin daitekeela egon. Hortaz, talde soberanistekin akordiorik egin ez dezala eskatu dio.
"Guk ez dugu (PSOEk) gobernua osatzea ahalbidetuko, baina uler dezakegu Konstituzioa eta Espainiaren batasuna defendatzen duten beste alderdi batzuen babesa izatea", azaldu du Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatuko dutela berretsiz.
Sanchezekin arlo ekonomikoan edo lurraldetasunean ezberdintasun nabarmenak dituztela kontuan hartuta, inbestidura saioan kontrako botoa ematea logikotzat jo du. Hala ere, Casadok zehaztu du horrek ez duela esan nahi gai jakin batzuetan PSOE eta PP akordioak egitera iritsiko ez direnik.
PSOEk eta Ciudadanosek egin dezaketen balizko itunaz galdetuta, Casadok adierazi du ez dagokiola berari Sanchezek eta Albert Riverak zer egin behar duten esatea.
Aitzitik, Alderdi Sozialistak gobernua Podemosen botoekin lortzea ona izango ez litzatekeela adierazi du, horrek talde independentisten babesa izatea eskatuko lukeelako.