Politika -

'Proces' epaiketa

U-1eko polizia operazioa 'hitzartuta' zegoela esan du Ferran Lopezek

Mossoen bigarenak Guardia Zibilaren koronelak emandako bertsioa gezurtatu du, Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketan.

Ferran Lopezen testigantza, 'proces' auziaren epaiketan. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Ferran Lopezen testigantza, 'proces' auziaren epaiketan
Ferran Lopez: 'Mossoek ez zuten Polizia Nazionala eta Guardia Zibila espiatu'

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreferendum eguneko segurtasun dispositiboa "itunduta eta hitzartuta" zegoela esan du Ferran Lopez U-1eko Mossoen bigarrenak. Horrela, Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelak esandakoa gezurtatu du. Kataluniako poliziaren jokabidea iruzurra izan zela esan zuen De los Cobosek.

Gainera, Traperoren bigarrena izan zenak, proces auziaren aurkako epaiketan esan du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak zera jakinarazi ziela Esquadra Mossoen buruei: "Boto-emaileen eta segurtasun indarren artean istilu larriak baldin badaude, une horretan bertan independentzia aldarrikatuko dut".

Traperok Auzitegi Gorenean egindako adierazpenekin bat etorri da, beraz, Lopezen testigantza, Mossoek Kataluniako Gobernuarekin 2017ko irailaren 26an eta 28an izandako bileren inguruan galdetuta erantzutean.

"Puidemontek esan zuen agertoki horren aurrean, berorrek aldarrikatuko zuela independentzia. Guztiok dugu gogoan, ahaztezina delako", adierazi du.

Bestalde, berretsi egin du irailaren 28ko Segurtasun Batzordean Joaquim Forn Barne kontseilari ohiari emandako mezuari buruz Traperok esandakoa. Antza denez, Forni ohartarazi zioten "akatsa" zela erreferendumarekin aurrera egingo zuela adieraztea.

155. artikulua ezarri zutenean, Traperoren lekua hartu zuen Lopezek. Aurretik, baina, Traperoren bigarrena izan zen, eta horregatik deklaratu behar izan du asteazken honetan proces auziaren kontrako epaiketan. Bertan, Pedro Fernandezek egindako galderei erantzunez, besteak beste, Forni emandako abisuen inguruan hitz egin du.

Esan bezala, Lopezen lekukotza bat dator aurreko saioetan beste mossoek esandakoarekin. Manel Castellvi Informazio komisarioak, adibidez, argi utzi zuen Carles Puigdemontek, Orio Junquerasek eta Fornek jakin bazekitela urriaren 1ean istiluak egon zitezkeela, Mossoek horren berri eman zutelako eta erreferenduma bertan behera uzteko eskaria ere egin zietelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean