Politika -

IAT auzia

Oriol Pujol kartzelatik irten da, bi hilabetez espetxeratuta egon ostean

Eraginen trafikoagatik, funtzionarioen eroskeria jarraituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik zigortu zuten Pujol. Orain, baina, erregimen irekiko zentro batera eramango dute.

Oriol Pujolek Brians 2 espetxea utzi du. Argazkia: EFE
Oriol Pujolek Brians 2 espetxea utzi du
Oriol Pujol espetxetik irten da, bi hilabeteren ostean

0:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Pujol CiUko diputatu ohiari bi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, IAT auziagatik. Hain zuzen ere, urtarrilaren 17an sartu zuten kartzelan, baina bi hilabete bertan igaro ostean, aske utzi dute gaur, 08:17an, Generalitateak jakitera eman duenez.

Eraginen trafikoagatik, funtzionarioen eroskeria jarraituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik zigortu zuten Pujol. Orain, baina, erregimen irekiko zentro batera eramango dute, astean zehar bertan egin dezan lo. Egunean zehar, ordea, lanera joateko eskubidea izango du, eta asteburuak etxean igaroko ditu.

Esan bezala, urtarrilaren 17an sartu zuten Brians 2 espetxean, eta, aurreikusitakoaren arabera, Brians 1era eramango dute orain. Horrela ez bada, Bartzelonako Trinitat edo Wad Ras zentroetan egon beharko du astelehenetik ostiralera, gutxienez egunean zortzi orduz.

Ostiraletan, baina, etxera itzultzeko aukera izango du, eta asteburu osoan ez du zentroa zapaldu beharko.

Ester Capellak zuzendutako Justizia Kontseilaritzako Zigor Neurrien Idazkaritzak martxoaren 21ean onartu zuen Oriol Pujoli hirugarren gradua ematea, Espetxeko Tratamendu Batzarrak aho batez hartutako erabakiaren ondotik.

Baimen berezi horrekin, beraz, lanera joateko, ikasteko eta birgizarteratzeko tratamendua jasotzeko aukera izango du.

Hirugarren gradua onartzeko hainbat faktore hartu ohi dituzte kontuan: zigorraren iraupena, berrerortzeko edo zigorra hausteko arriskua, ezaugarri sozialak eta pertsonalak, kartzelan dagoen lehen aldia den ala ez, familiaren babesa, lana duen ala ez eta birgizarteratzeko programan izandako parte-hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Delituak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak