Politika -

Barne Ministerioa

PPk bizileku baimena eman zion venezuelar bati Iglesiasi buruzko informazioaren truke

Carlos Alberto Ariasi Espainian urtebetez bizitzeko baimena eman zion Barne Ministerioak, "salbuespen egoera" argudiatuta, Poliziarekin kolaboratu zuelako.

Pablo Iglesias. Argazkia: EFE
Pablo Iglesias
Pablo Iglesias. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diazek (PP) zuzendutako Barne Ministerioak Espainian bizitzeko baimena eman zion venezuelar bati, Pablo Iglesias Podemoseko buruaren aurkako informazioa zabaltzeagatik, iturri polizialek baieztatu dutenez.

Hain zuzen ere, Carlos Alberto Arias venezuelarrari Espainian urtebetez bizitzeko baimena eman zion Barne Ministerioak, "salbuespen egoera" argudiatuta, Poliziarekin kolaboratu zuelako, El Pais egunkariak zabaldu duenaren arabera.

Bizileku baimena Fernandez Diazen "bigarrenak" sinatu zuen, Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkari ohiak. Agiriak ez du zehazten zertan oinarritu zen haien arteko lankidetza, baina aipatu egunkariak argitu duenez, Ariasek berak onartu zuen 2016ko otsailetik Espainiako Poliziari informazioa ematen ziola.

"Denetariko dokumentuak" igorri zizkion, Venezuelako Gobernuak Podemoseko buruzagiei eta Pablo Iglesiasi ustez emandako diruarekin lotutakoak. Kasu honetan, Euro Pacific Bankeko kontu baten bidez egin omen zituzten bidalketak.

Horrela, 2016ko apirilaren 11n lortu zuen Ariasek Espainian bizitzeko baimena. OK Diario egunkariak argitaratutakoaren harira, baina, haren aurkako ikerketa abiatu zuten.

Ildo horretan, Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren abokatuak, Antonio Garcia Cabrerak, Poliziaren ikerketa batetik lortutako "informazio pribatuarekin" lotu zuen Iglesiasen aholkulari bati sakelako telefonoa lapurtu izana.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, bestalde, ministerio horretako arduradun ohiei "erantzukizun politikoak" eskatzeko ordua dela esan zuen atzo, Villarejo auziak Pablo Iglesiasen informazioa zeukan telefono baten lapurretarekin lotura duelako, antza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Pablo Iglesias Eguneko albisteak Albisteak Venezuela