Politika -
M26
EAJ eta PDeCAT ez dira elkarrekin aurkeztuko Europako hauteskundeetara
Hala ere, Europako Parlamentuan kolaboratzen jarraituko dute. Ildo horretan, hauteskunde ostean elkarlanean aritzea adostu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ eta PDeCAT ez dira elkarrekin aurkeztuko maiatzaren 26an egingo diren Europako hauteskundeetara, baina hauteskundeen ostean elkarlanean arituko dira.
Alderdi jeltzaleak ohar bidez jakinarazi duenez, EAJk "ulertu, errespetatu eta onartzen du" PDeCATek hautagaitza katalanista bat osatu nahi izana, egungo egoera politikoak eta Kataluniako prozesu politikoak bultzatuta.
Gaur goizean jakinarazi du EAJk erabakia ohar baten bidez, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta David Bonhevi PDeCATeko presidenteak gaur goizean izandako elkarrizketaren ondotik.
Hala ere, EAJk ez du uste hori eragozpena izango denik erakunde parlamentarioetan kolaboratzen jarrai dezaten, Europako Parlamentuan bereziki.
Hori dela eta, datozen egunetan gauzatuko den akordio bat iragarri dute jeltzaleek. Zehazki, hauteskundeen ondoren elkarlanean aritzea adostu dute, Euskadi eta Katalunia Europako Parlamentuan defendatzeko eta bi nazioek etorkizuneko Europan ahotsa eta ordezkaritza izatea aldarrikatzeko. Horrez gain, Euskadik eta Kataluniak Espainiar estatuaren egungo markoan eta Europar Batasunean duten tokiari konponbidea bilatzeko konpromisoa hartu dute.
Bestalde, Europako hauteskundeei begira, EAJk datozen egunetan Coalicion Canaria eta Compromiso por Galicia taldeekin akordioa lortzea aurreikusten du.