Politika -
'Proces' epaiketa
Lehen 24 guardia zibilen lekukotzak entzungo ditu gaurtik aurrera Gorenak
Horien aurretik, ordea, iragan astean deklaratu gabe geratu ziren bi lekukok hartuko dute hitza: Ogasuneko kargu ohi batek eta Generalitateko funtzionario batek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur goizean hasi da proces auziaren epaiketaren seigarren astea Auzitegi Gorenean, Felipe Fernandez Rico Ogasun eta Funtzio Publikoko idazkariorde ohiaren deklarazioarekin. Haren atzetik deklaratuko du Dabid Badal, Generalitateko Lan Departamentuko funtzionarioak.
Saioa 09:30ean hasi da, iragan ostegunean deklaratu gabe geratu ziren bi lekuko horien txandarekin. Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruak ostegunean egindako adierazpenek luze jo zutenez, aipatu bi lekukoek ez zuten deklaratzeko aukerarik izan.
Horien ondotik, Guardia Zibilaren agenteen deklarazioa hasiko da, Fiskaltzak deituta. Aste honetan, asteartetik ostegunera egingo dute epaiketa, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuta. Guztira, 24 guardia zibilek deklaratuko dute.
Orain arte, Diego Perez de Los Cobos koronelak eta Angel Gonzalo teniente jeneralak deklaratu dute, Katalunian 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izandako polizia operazioa zuzendu zutelako. Gaurtik aurrera hitza hartuko duten guardia zibilen izenak eta karguak, aldiz, ez dituzte oraindik jakinarazi.
Agenteei dagokienez, guztira zazpi guardia zibilek hartuko dute hitza gaur, beste zazpik asteazkenean eta gainerako hamarren lekukotzak ostegunean entzungo ditu Gorenak.
Epaiketara zergatik deitu dituzten argitu ez badute ere, litekeena da 2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko istiluetan parte hartu izanagatik deklaratu behar izatea.