Politika -
'Proces' auziaren epaiketa
Erreferenduma bertan behera uzteko eskatu zioten Mossoek Puigdemonti
Emili Quevedo Mossoen arduradunak deklaratu du lekuko gisa gaurko saioan. Polizia eta Guardia Zibilaren laguntzarik gabe, Esquadra Mossoek erreferenduma galarazteko ahalmenik ez zutela adierazi du.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Esquadra Mossoek bi aldiz eskatu zioten Carles Puigdemonti Kataluniako erreferenduma bertan behera utz zezala, baina Generalitateko presidente kargugabetuak aukera hori baztertu zuen, "herritarren mandatua" bete egin behar zuela argudiatuta.
Kataluniako buruzagi independentisten aurka Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketaren baitan, gaur, Emili Quevedo Esquadra Mossoen arduradunak deklaratu du lekuko gisa, eta Manel Castellvi Mossoen buruzagiak esandakoa berretsi du. Hala, Puigdemonti egotzi dio erreferenduma burutu izanaren ardura.
2017ko urriaren 1erako Mossoek diseinatu zuten polizia-operazioaren arduradun nagusia da Quevedo. Bere esanetan, bi aldiz eskatu zioten Puigdemonti erreferenduma bertan behera uzteko, segurtasun arazoak eta liskarrak izan zitezkeela ohartaraziz.
2017ko abuztuaren 26an eta 28an egindako bileretan izan zen. Alabaina, Puigdemonten aurrera jarraitzeko erabakia irmoa zen: "Generalitateak herritarren mandatua bete egin behar zuela eta, hauteskundeetako emaitzak bermatuta, hala egingo zutela esan zigun".
Abuztuaren 28ko bileran Junqueras ere egon zen. "Inolako erresistentziarik izango ez zela eta agenteek esku-hartzerakoan jendeak poliziei bere lana egiten –hauteslekuak itxi eta hautestontziak konfiskatu- utziko zietela esan zuen", azaldu du Quevedok.
"Hori esan arren, argi dago bazekitela hori horrela gertatzea ezinezkoa zela", erantsi du.
Ildo berean, Quevedok azpimarratu du jakitun zirela Mossoek erreferenduma galarazteko gaitasun nahikorik ez zutela eta horregatik "oso garrantzitsutzat" jo zuten Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren laguntza, bozketa saihesteko "aukera minimo bat izateko".
Mossoen asmoa gutxienez “presentzia poliziala” izatea zen, eta horretarako hautesleku bakoitzean bi edo hiru agente jartzea erabaki zuten.
Erreferenduma galarazteko “30.000-40.000 agente” beharko zituztela aurre ikusi zuten, baina azkenean 7.850 polizia izan ziren Kataluniako hiri eta herrietan. “Hauteskunde egunetan 2.500-3.500 agente izaten dira, baina urriaren 1koa ez zen deialdi normal bat, debekatutako jardunaldi politiko bat zelako”, gaineratu du Quevedok.
Unipost konpainiako zuzendari batek batu zituen erreferendumeko gutunak
Gaurko saioan Francisco Juan Fuentes Unipost konpainiako Produkzio zuzendari ohiak ere deklaratu du.
Azaldu duenez, 2017ko irailaren 16an Bartzelonako industria-gune batera joan zen, hauteslekuetako mahaietan izango ziren kideei zuzendutako 40.000 ziurtagiri batzeko. Gutunek Generalitatearen irudia zutela, baina albaranik eman ez ziotela erantsi du.
Fuentesek onartu du ez dela ohikoa zuzendari batek larunbat batean furgoneta bat hartzea entrega batera joateko, baina eskaria handia zela, Generalitateak egin zuela eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan zegoela kontuan hartuta, "bezeroari ezin nion ezetzik esan".
Gauzak horrela, eta beste langile bat bilatzeko edo ibilgailua materialarekin enpresan sartzeko baimena eskatzeko denbora nahikorik ez zuela eta, errazena bera joatea zela pentsatu zuen.
Toni izeneko pertsona batek deitu zion telefonoz, gutunak prest zeudela esanez eta banaketa irailaren 18an hastea posible ote zen galdetuz. Lekukoaren arabera, bi edo hiru aldiz hitz egin zuten telefonoz. Generalitatetik deitzen ziola adierazi zion eta gutunak ahalik eta azkarren banatzea nahi zutela nabarmendu zion.
"Toni izeneko batek deitu zidan eta gutun-sorta entregatuko zutela esan zidan. Generalitatearen izenean ari zelan esan zidan", kontatu du.
Irailaren 18an, arratsaldez, berriro deitu zion: "Gutun-sorta ez zela banatuko eta materialaren bila etorriko zirela esan zidan orduan". Irailaren 19an, goizean, Guardia Zibilak polizia-operazioa egin zuen eta gutunak konfiskatu zituen.