Politika -

Epaiketa prozesu soberanistari

Nietoren ahotan, Espainiako Gobernuak 'kalean' botoa emateko aukera eman zuen U-1ean

U-1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak “indarra erabili” zutela onartu du Segurtasun Estatu idazkari ohiak, batzuetan “modu deigarrian”.

Jose Antonio Nieto Segurtasun Estatu idazkari ohia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Nieto Segurtasun Estatu idazkari ohia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Nieto: 'Mossoek beren lana egin izan balute, ez zen referendumik izango'

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Nieto Segurtasun Estatu idazkari ohiaren hitzetan, U-1ean, “plazetan edo toki irekietan” botoa emateko aukera planteatu zion Espainiako Gobernuak Governari, agindu judizialik ez urratzeko, baina “ez zen lagatze keinu txikirik ere izan”.

2017ko irailaren 28ko Segurtasun Batzordean, U-1aren bezperan, “Espainiako Gobernuko kide guztiek” Generalitateko ordezkariei horrela azaldu zietela esan du Nietok, Javier Zaragoza Auzitegi Goreneko fiskalaren galderei erantzunez.

Estatu idazkari ohiaren arabera, “independentismoaren mobilizazio gaitasuna agerian utzi nahi baldin bazuten”, hori “eragotzi behar ez” zutela planteatu zuen Espainiako Gobernuak, baina “espresuki debekatutako deialdirik” onartuko ez zutela, “Auzitegi Konstituzionalak bertan behera eta legez kanpo utzi zuelako”.

U-1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak indarra erabili zutela onartu du Segurtasun Estatu idazkari ohiak, batzuetan “modu deigarrian”, baina “teknikoki” kargak izan ez zirela zehaztu du.

“Mossoek ez zuten ezer egin”, kritikatu du Nietok. Aitortu duenez, erreferendumaren aldekoek espero baino “erresistentzia handiagoa” jarri zuten: “Erresistentzia baketsua izan zitekeen, baina zenbait hauteslekutan oso gogorra izan zen, horietako askotan indarkeria egoerekin”.

"Mossoek ez zuten ezer egin"

Mossoen dispositiboari buruz, “nahikoa ez zen izan”, adierazi du Nietok. “U-1 eragotzi beharrean, normala ez zen zerbaiti normaltasun itxura eman nahi zioten”, salatu du Estatu idazkari ohiak.

Bestalde, I-20an, Ekonomia Kontseilaritzaren miaketan parte hartu zuten guardia zibilen eta batzorde judizialeko kideen segurtasunagatik “kezka handia” izan zela esan du Nietok. Estatu idazkari ohiaren ahotan, protesta “antolatuen” atzean CDRak izan ziren.

Esquadra Mossoen ekintza falta salatu du Nietok, Ekonomia Kontseilaritza inguruan istiluen aurkako poliziarik izan ez zelako. Manifestariek “mugarik ez” zegoenaren “sentsazioa” zuten, eta Guardia Zibilaren ibilgailuak “erabat txikitu” zituzten, erantsi duenez.

Nahiz eta istiluen aurkako poliziarik ez izan, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko ordena publikoaren unitaterik martxan jartzea ez zuten planteatu, eskumen arazo batengatik; izan ere, mossoen eskuduntza da Katalunian.

Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean zeuden Guardia Zibileko ibilgailuetan arma luzeak zirela ondoren jakinarazi ziotela azaldu du Nietok, Xavier Melero Quim Forn Barne kontseilari ohiaren abokatuari erantzunez. Hala ere, miaketak agindu zituen epaileari jakitera eman behar izan ziotela uste du Estatu idazkari ohiak, eta ez berari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean