Politika -
EPPK
EPPK presoen kolektiboak eragindako oinazearen erantzule dela berretsi du
Josetxo Arizkuren zuzendaritzako kidearen ustez, biktima eta presoen arteko topaketek "bakera, bizikidetzara eta gatazka gainditzera garamatzate".
Radio Euskadi | eitb.eus
EPPK presoen kolektiboak, Foro Sozialeko Paz con Dignidad elkarteak argitaratutako Herriak aldizkarian emandako elkarrizketaren arbera, bakean eta bizikidetzan ekarpenak egiten jarraitu nahi du, "argi eta garbi" aitortzeko "eragindako oinazearen erantzukizuna".
Elkarrizketan, Josetxo Arizkuren presoen kolektiboko zuzendaritzako kideak "eragindako mina" aitortzen du "itzulinguruka ibili gabe", eta planteamendu hori egin duten "hiru dokumentu garrantzitsu" aipatzen ditu: 2013an kolektiboak argitaratutako agiria, 2014ko urtarrilean Parot doktrina zela eta kaleratutako presoak Durangon agertu zirenekoa eta "desegin aurretik ETAk plazaratu zuen azken agiria".
Arizkurenen arabera, EPPKko kideek biktimekin topaketetan parte hartu dute "bakera, bizikidetzara eta gatazka gainditzera garamatzatelako". Era berean, Arizkurenek ekitaldi horietan "giro egokia sortu" behar dela esan du, "eta ez 'irabazle-galtzaile' irudikapen publikoa" eman.
EPPKko bozeramaileak topaketetan parte hartu ez duten biktimei "errespetua" adierazi die, eta hurrengoa gehitu du: "Esango nieke, halaber, beste oinarri batzuk dituen etorkizun bat eraikitzen hasi behar dugula, betiere iragana ahaztu gabe, eta denok esku hartu behar dugula eraikitze horretan".
Testuinguru horretan, presoen kolektiboa eszeptikoa da. EPPKk "prozesua sendotzeko hainbat ekarpen" egin dituela esan du. "Azkenekoa, legeak eskaintzen dituen bideak baliatzea", azaldu du. Baina esan duenez, "beste egoera batean bageunde gure ekarpena askoz handiagoa izango litzateke ".