Politika -
Omenaldia
Companys eta Agirre omendu dituzte Torrak eta Ibarretxek, haien erbestealdia gogoan
Agullanan (Girona) izan dira biak. Han, Mas Perxes bisitatu dute, duela 80 urte Companysek eta Agirrek ostatu hartu zuten lekua. Handik, oinez egin dute Coll del Llirainoko bidea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quim Torra Generalitateko presidentea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia elkarrekin izan dira gaur, Lluis Companys Kataluniako presidente ohia eta Jose Antonio Agirre lehendakari ohia omentzen. Ekitaldian, Companysen eta Agirreren erbestealdiak izan dituzte gogoan.
Horretarako, Mas Perxes bisitatu dute, atzerrira joan aurretik biek ala biek ostatu hartu zuten lekua. Handik, Coll del Llirainoko bidea egin dute oinez.
Garai hartan, alegia 1939 urte bukaeran, garrantzi handiko tokia izan zen Mas Perxes. Izan ere, Generalitatearen azken egoitza izateaz gain, Kataluniako zein Euskal Herriko hainbat politikariren eta kultura ordezkariren egoitza ere izan zen.
"Estuki lotutako arrazoiak"
Omenaldian, Ibarretxek ziurtatu du "askatasunaren aldeko borrokan Euskal Herria eta Katalunia estuki lotuta" daudela, "duela 80 urte bezala".
Torrak, bestalde, kritika egin dio Auzitegi Gorenean prozesu independentistaren aurka egiten ari diren epaiketari, adierazpen, elkarretaratze eta manifestazio eskubideak "gutxiesten" eta ia "barregarri uzten" ari direla iritzita.
Gainera, subiranotasuna eskubideen defentsaren alde dagoela adierazi du. "Inoiz baino gehiago, zeren alde gauden jakin behar dugu. Gu geu eskubideen defentsaren alde gaude".