Politika -
PRESOAK
Espetxe politikan 'benetako aldaketak' egitea eskatu dute euskal sindikatuek
ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT/LKN, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzaren aurrean, bigarren hilabetez jarraian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT/LKN, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Bilbon, bigarren hilabetez jarraian, presoen eskubideen alde eta espetxe politikan "benetako aldaketak" egitea eskatzeko.
Aipaturiko sindikatuek abiatutako kanpainaren baitan egiten duten bigarren kontzentrazioa da. Hilabete bakoitzeko hirugarren ostiraletan egiten dituzte protestak Moyua plazan, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzaren aurrean.
Elkarretaratzearen baitan Cristina Alvarez LABeko ordezkariak "benetako aldaketak eta aurrerapausoak" eskatu ditu espetxe politikan.
Are gehiago, presoak gerturatzeko, graduen aldaketak gauzatzeko eta gaixo dauden presoak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
"Sindikatu eta gizarte mailan egiten dugun aldarrikapen bat da, siglen eta ideologien gainetik", azpimarratu du.