Politika -
Hauteskunde Orokorrak
Sanchezek bihar iragarriko du hauteskundeak aurreratuko dituen ala ez
Filtrazioen arabera, litekeena da hauteskunde orokorrak apirilaren 28an deitzea, udal eta foru hauteskundeak baino hilabete lehenago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchezek ostiral honetako ministroen bileraren ostean argituko du hauteskunde orokorrak aurreratuko dituen ala ez, hainbat agentziak Moncloako iturrietan oinarrituta jakitera eman dutenez.
Asteartean, Diputatuen Kongresuan atzera bota zuten Espainiako Gobernuaren 2019ko aurrekontu proiektua. Saioa amaituta, Pedro Sanchezek uko egin zion adierazpenak egiteari, eta Moncloa jauregira joan zen zuzenean.
Horren aurretik, Jose Luis Abalos Sustapen ministroak "laster" berriak egongo direla esan zuen, baina ez zuen zehaztapen gehiago eman.
Asteartean egindako filtrazioen arabera, PSOEren Gobernua hauteskunde orokorrak apirilaren 28ra aurreratzea ari da aztertzen, udal eta foru hauteskundeak baino hilabete lehenago egiteko.
Hala bada, hauteskunde kanpaina Aste Santuan izango litzateke.
Erreakzioak
Elkarrizketaren eta politikaren aldeko apustua egin zuen Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Nahiz eta “guztiak erabat ez asebete” bitarteko bideak aurkitzen saiatzea aldarrikatu zuen jeltzaleak.
Irene Montero Podemoseko bozeramailearen hitzetan, Diputatuen Kongresuak Estatuko Aurrekontu Orokorrak atzera bota ondoren, Espainiako Gobernuak hauteskunde orokorrak deitu “beste erremediorik ez du, agerian geratu baita PSOEk bakarka gobernatzeko muga argiak dituela”.
Muturreko eskuinak “herrian tokia” egin duela ohartarazi zuen Monterok, eta “eskuin muturraren besarkada onartu duten taldeek erantzuna hautetsontzietan jasoko dute”, gaineratu zuen.
Espainiako Exekutiboa azken egunetan Aurrekontuak onartzeko “batere saiatu ez izana” deitoratu zuen Carles Campuzano PDeCATeko diputatuak, eta Sanchezek udaberrirako hauteskundeak deitu ahal izatea “eztabaidagarria” dela erantsi zuen, baina edozein kasutan erabakia berari dagokiola azpimarratu zuen.
Hauteskunde orokorrak deitzea “erabat atzeraezina” dela esan zuen Pablo Casado PPko buruzagiak, atzo “inflexio-puntua” gertatu delako, “Sanchezen Gobernuaren ibilbidearen amaiera”, alegia.
Hauteskunde orokorrak asteazken honetan bertan deitzeko eskatu zion Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Sanchezi, aurrekontu proiektua atzera botatzearekin batera bere “ihesaldia” amaitu eta legealdia “hilik” dagoela baieztatu delako.