Politika -
Eztabaida Kongresuan
Monteroren hitzetan, Espainiako Gobernuak ez du 'xantaien' aurrean amore emango
Aurrekontu proiektuari “aukera bat ematea” planteatu du EAJk, “elkarrizketari aukera bat ematea” komeni delako.
Agentziak | Erredakzioa
Aurrekontuen inguruko eztabaida Kataluniako buruzagi politikoen epaiketarekin batera ez gertatzea gustatuko litzaiokeela adierazi du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak astearte honetan; izan ere, jarreren polarizazioari lagundu diola uste du. Hala ere, kontu publiko berriak defendatu ditu, “ziklo ekonomikoaren une honetan beharrezkoak” direlako. Espainiako Gobernuak “xantaien aurrean amore emango ez duela" ohartarazi du Monterok. Alde horretatik, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea onartuko ez dutela erantsi du.
Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte Diputatuen Kongresuan. “Azken egunetako ernegazioa” salatu du ministroak. Monteroren ahotan, PPk eta Ciudadanosek modu “erabat arduragabean” ernegazioa bultzatu dute, nahiz eta beste alderdiarekin (Vox) “ideiak ez partekatu, imitatzen ari zirela ematen du”.
“Aurrekontuen inguruko eztabaida 'proces' epaiketaren aste berean ez gertatzea gustatuko litzaidake”, onartu du Monterok. Jarreren “polarizazioari” lagundu diola uste du ministroak. Monteroren esanetan, kontu publiko berrien inguruan eztabaida “serio” bat eragotzi du horrek.
PPk eta Ciudadanosek herritarren interesak "bazterrean utzi" dituztela kritikatu du Monterok. Horregatik, “zentzutasuna eta neurritasuna” berreskuratzeko eskatu die ministroak bi alderdiei.
Aurrekontu proiektuari “aukera bat ematea” planteatu du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak, “elkarrizketari aukera bat ematea” komeni delako. Bestalde, Sanchezek aurrekontuen luzapen batekin eta dekretuen bidez gobernatzeko aukera hausnartu beharko lukeela uste du Estebanek.
Oso bestelakoa izan da Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko bozeramailearen jarrera. Aurreratu duenez, koalizioak ez ditu aurrekontuak babestuko, eta 'proces' auzia izan du hizpide. Beitialarrangoitiaren hitzetan, epaiketak ez die "katalanei eta euskaldunei autodeterminazio egarria kenduko".
Aurrekontuak aurrera ateratzeko saiakeran, dagoeneko Exekutiboak “etsi” izana deitoratu du Irene Montero Podemoseko bozeramaileak. Iragarpenak betetzen baldin badira, hauteskunde orokorrak aurreratzea beste aukerarik ez dela izango onartu du koalizio moreko ordezkariak, eta nahiago lukeen data ez du zehaztu.
Azkenik, hauteskundeak deitzeko eskatu dio berriro Pablo Casado PPko buruzagiak Gobernuari, “Espainiako Konstituzioa saldu” eta “mailarik eman ez” duelako. Horregatik, Exekutiboari alde egiteko eskatu dio, Espainiak Gobernu “hobeago” bat merezi duelako.