Politika -

Gure Esku Dago

Alor ugaritako 69 lagunek 'konponbide politikoa' eskatu dute Kataluniarentzat

Gure Esku Dagok bultzatutako agirian, preso independentistak berehala askatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako prozesu judizialak eteteko eskatzen dute.

Gure Esku Dagoren manifestuaren aurkezpenean izan diren herritar ezagunak. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Dagoren manifestuaren aurkezpenean izan diren herritar ezagunak.
Gure Esku Dagoren manifestuaren aurkezpenean izan diren herritar ezagunak. Argazkia: Gure Esku Dago

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alor ugaritako 69 herritar ezagunek Gure Esku Dagoren manifestua sinatu dute, Kataluniako gatazka politikoari irtenbide politikoa eman diezaiotela eta preso dauden buruzagi independentista katalanak aska ditzatela eskatuz.

'Konponbide politikoaren alde' manifestua, besteak beste, ondoko hauek sinatu dute: Fernando Bernues antzerkigileak; Mireia Gabilondo eta Itziar Ituño aktoreek; Ruper Ordorika, Evaristo Paramos, Fermin Muguruza eta Gorka Urbizu abeslariek; Asier Illarramendi Realeko kapitainak; eta Gemma Zabaleta PSE-EEko kide ohiak.

Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketa astearte honetan hasiko da Espainiako Auzitegi Gorenean.

Agiriaren sinatzaileek preso katalanak (Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn) "berehala" aska ditzatela exijitzen dute, "haien espetxeratzea bidegabea izan zelako".

Halaber, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta abian jarritako "prozesu judizial guztiak eteteko" eta konponbidea "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidez bilatzeko deia egin dute, “herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin”.

"Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, defendatu eta sendotu beharreko oinarriak dira", azpimarratu dute.

Ildo berean, "haize autoritario eta intoleranteen aurrean, kultura demokratikoan sakontzea eta elkartasuna lantzea dagokigu. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia", nabarmenduz amaitzen da manifestua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Gure Esku Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean