Politika -
KATALUNIA
Errelatorea ez dela nazioarteko bitartekari bat izango esan du Espainiako Gobernuak
Errelatorearen inguruan sortutako polemikaren ostean, Espainiako Gobernuko presidenteordeak azalpenak eman ditu. Kataluniako auzian elkarrizketan 'lagunduko' duen norbait izango dela azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako alderdien mahaian errelatore bat egoteak sortu duen polemikaren aurrean, Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak argitu du ez dela "nazioarteko bitartekari bat" izango, baizik eta krisi politikoa konpontzeko bidean elkarrizketan "lagunduko" duen norbait.
Atzo onartu zuen begiralearen figura Espainiako Gobernuak, eta, ordudanik, erabakiari kritika ugari egin dizkiote PPk, Ciudadanosek, baita PSOEren zenbait buruzagik ere.
Hain justu, Emiliano Garcia Page Gaztela-Mantxako presidente sozialistak esandakoei garrantzia kendu dio Calvok, eta adierazpenak "ezjakintasunari eta informazio faltari" egotzi dizkio.
Calvok Moncloa jauregian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, errelatore bat izendatzeko ideia Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak egindako bi bileratan izan zuten. Alde biek adostu zuten elkarrizketa mahaia alderdiek osatu behar zutela, zama instituzional txikiagoa zuelakoan.
Errelatore baten beharra ikusi ztuen denek, bilerak deitzeko edota lanak antolatzeko. "Denoi egokia iruditu zitzaigun", azaldu du Calvok.
Zehaztu duenez, mahaiko kideek aukeratuko dute nor izango den begiralea.
Nor izan beharko litzatekeen galdetuta, Espainiako presidenteordeak uste du Kataluniakoa izan beharko lukeela, herri horren iragana eta oraina ulertzen duena, "nahikoa konplikatua" baita, erantsi du.
"Eta ez dago ezertxo ere gehiago. Ez da nazioarteko bitartekaritza bat. Ez da kanpotik inor behar alderdiek konpondu ahal duten egoera bateko bitartekari izateko".
Calvoren iritzian, figura hori sortzea ez da "albiste" eta sortutako polemika "nahiko bitxia" dela iruditzen zaio.