Politika -

'Proces' auzia

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa otsailaren 12an hasiko da

Goizeko eta arratsaldeko saioak izango ditu, asteartetik ostegunera. Fiskaltzak 7 eta 25 urte arteko zigorrak eskatu ditu, matxinadagatik, dirua bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik.

Auzitegi Gorena. EFEren artxiboko irudia
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa otsailaren 12an hasiko da
Auzitegi Gorena. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 12an hasiko da 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuten buruzagi independentisten aurkako epaiketa, Auzitegi Gorenean.

Hasiera batean, otsailaren 5erako deitu zuten ahozko epaiketa, baina errekurtsoa onartzen duen autoarekin izandako atzerapenaren ondotik, aurreikusitakoa baino astebete geroago abiatuko dute, nahiz eta epaile batzuk horren aurka azaldu.

Modu horretan, hamaika egun igaroko dira data iragarri dutenetik epaiketa hasiko denera arte. Izan ere, Oriol Junquerasen, Raul Romevaren eta Jordi Cuiarten abokatuek estrategia prestatzeko eta "babesgabetasuna" saihesteko denbora eskatu zuten.

Esan bezala, Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eseriko dira akusatuen aulkian.

Fiskaltzak 7 eta 25 urte urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu akusatuentzat, matxinada eta desobedientzia delituengatik eta dirua bidegabe erabiltzearren. Abokatutzat, baina, 7 eta 12 urtera murriztu du zigorra, matxinada beharrean albaramendua leporatu dielako.

Horrela, otsailaren 12an ekingo diote epaiketari, aurretiazko izapideekin. Prozesu horrek hiru egun iraun lezake, eta, beraz, aste osoa beteko luke, epaiketa asteartetik ostegunera soilik egingo dutelako, goizeko eta arratsaldeko saioetan banatuta. Horrekin, presoen joan-etorriak saihestu nahi dituzte.

Horrenbestez, litekeena da 12 auzipetuen galdeketak otsaileko hirugarren astean hastea; Oriol Junquerasena izango da lehena.

Bestalde, Auzitegi Gorena arduratuko da espetxean dauden bederatzi buruzagi independentistak "duintasunez eta errespetuz" tratatzeaz eta "eroso sentitzeaz", dela joan-etorrietan, dela auzitegian bertan.

Epaiketa heldu bitartean, presoetako batzuk Soto del Realeko kartzelatan egongo dira; beste batzuk, berriz, Alcala Mecon. Gaur bertan eraman dituzte Kataluniatik Madrilera.

Gorenak ez die begiraleei epaiketara sartzen utziko

Auzitegi Gorenak errefusatu egin du Estatuko zein nazioarteko begiraleak epaiketa egingo duten aretora sartzeko zenbait abokatuk egindako eskera, telebista bidez eta auzitegiaren webgunearen bitartez saioak oso-osorik emango dituztela argudiatuta.

Carlo Lesmesek atzo emandako arrazoi bera erabili du defentsen eskaera ukatzeko, alegia, "begirale izan nahi duen herritar orok horretarako aukera izango duela, zuzenean emango dutelako epaiketa".

Horrez gain, Gorenak argitu du akusatu bakoitzak bi akreditazio izango dituela senitartekoak edota lagunak epaiketara eraman ditzaten.

Halaber, epaiketan bi itzultzaile egongo direla jakinarazi du. Auzipetuek berehalako itzulpena eskatu dute, eta badirudi Gorenak onartu egin duela eskaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean