Politika -
Hauteskunde inkesta
CIS: PSOEk irabaziko lituzke bozak, PPk nabarmen egingo luke behera, eta Voxek, gora
Ciudadanos bigarren indar bozkatuena izango litzateke eta Unidos Podemosek hirugarren tokiari eutsiko lioke, inkestaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Ikerketa Soziologikorako Zentroak egindako azken hauteskunde inkestaren arabera, PSOEk irabaziko lituzke Espainiako hauteskunde orokorrak gaur egingo balira. Sozialistek botoen % 29,9 eskuratuko lukete, abenduko inkestan aurreikusitakoa baino puntu bat gehiago. Alderdi Popularrak boto galera nabarmena edukiko luke, eta laugarren tokira jaitsiko litzateke (botoen % 14,9). Voxek, ordea, gora egingo luke, % 6,5eko babesarekin.
Boto asmoari buruzko inkesta urtarrilaren 1etik 13ra egin zuten, Andaluziako Gobernua osatzeko PP-Ciudadanos-Vox alderdiek akordioa lortu zutenean. Espainiako Gobernuak egun horietan onartu zituen aurrekontuak.
Galdeketaren arabera, Ciudadanos izango litzateke bigarren indar bozkatuena, botoen % 17,7rekin —abenduan baino bi hamarren gutxiago—, eta Unidos Podemosek hirugarren tokiari eutsiko lioke ( % 15,4). Aipatzekoa da inkesta Podemosen barne-krisiak eztanda egin baino lehen egin zutela.