Politika -
2019ko Aurrekontuak
Aurrekontuak onartu ezean, hauteskundeak aurreratuko direla uste du Ogasun ministroak
Pedro Sanchezek bere garaian emandako hitza beteko duelakoan dago Maria Jesus Montero. Dena den, bere 'iritzia' dela azpimarratu du.
Agentziak | erredakzioa
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak uste du Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzen ez badira, Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratuko dituela.
"Presidenteari dagokio erabakia hartzea, baina emandako hitza beteko duelakoan nago. Esan zuenez, aurrekontuen proiektua onartuko ez balitz, hauteskundeak egongo lirateke 2019an", esan du ministroak TVE telebista kateari eskainitako elkarrizketan.
Nolanahi ere, bere "iritzia" dela azpimarratu du. Horren hitzetan, "uste dut hori duela buruan, baina zaila da hain erabaki estrategikoa asmatzea".
Kataluniako talde independentistekin abiatutako negoziazioaz galdetuta, Monterok azaldu du Carmen Calvo presidenteordea ari dela hartu-eman "publiko" horiekin.
"Estatutuaz, legea betetzeaz eta aurrekontuez ari gara. Ez dute proposamen zehatz bat egin, baina badakigu diru-partida jakin batzuk hobetu nahi dituztela", azaldu du. Iradoki duenez, ERC eta PDeCAT ados jarri behar dira euren erabakian, eta osoko zuzenketen bilkuraren egunera arte ez dute jakingo zein izango den euren jarrera.