Politika -
Ustelkeria
Oriol Pujol kartzelan sartu dute, ITV auzian ezarritako zigorra bete dezan
Bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten CiUko diputatu ohiari, bere kargu politikoaz baliatuta, enpresariei mesedeak egitegatik eta trukean legez kanpoko komisioak kobratzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oriol Pujol CiUko diputatu ohia espetxean sartu dute ostegun honetan, ITV auzian ezarri zioten espetxe-zigorra bete dezan.
Bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, bere kargu politikoaz baliatuta, enpresariei mesedeak egitegatik eta trukean legez kanpoko komisioak kobratzeagatik.
Generalitateko iturriek jakinarazi dutenez, Bartzelonako Auzitegiko epaileak urtarrilaren 8an hamar eguneko epea eman zion, espetxeratze aginduaren aurka helegitea aurkezteko, baina aukera horri uko egin dio eta, ondorioz, 16:00etan Briens 2 kartzelan sartu dute.
Jordi Pujol Kataluniako Gobernuko presidente ohiaren semeari influentzia-trafikoa, sobornatzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zioten, ITV auziaren baitan. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzarekin bi urte eta sei hilabeteko zigorra adostu zuen.
Kartzelara joatea saihesteko, komunitatearen aldeko lanak egitea eskatu zuen, baina epaileak eskaera hori atzera bota zuen, egozten zaizkion delituen larritasuna aintzat hartuta. Horrela bada, 10 eguneko epea eman zion espetxera joateko.
Pujolek ez du helegiterik aurkeztu eta gaur sartu dute kartzelan.