Politika -

Amurrioko erasoa

Amurriok salatu egin du herriko familia baten aurka tiroz egindako erasoa

Erasoa jasan duen familiak esan du ez duela beldurrik, eta honakoa esan dio tiro egin zuenari: "Ez gara gure arbasoen etxetik joango eta ez diegu gure ideia politikoei uko egingo".

Bilkura egin dute Amurrion.
Bilkura egin dute Amurrion.
Elkarretaratzea Amurrion, erasoa gaitzetsi eta familiari babesa adierazteko

3:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amurriok aho batez gaitzetsi du igandean ezker abertzaleari lotutako familia baten etxearen aurka tiroz egindako erasoa. Susmagarria inguruan bizi den polizia ohi bat da. Ertzaintzak identifikatu egin zuen, baina ez dute atxilotu. Erasoan ez zen inor zauritu, bederatzi milimetroko balak etxeko sukaldeko leihoa zulatu zuenean familia barruan zegoen arren.

Udalak adierazpen instituzionala onartu du goizean, erasoa gaitzetsi eta gertatutakoa argitzea eskatzeko, eta elkarretaratzea deitu du arratsalderako. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariak (EAJ, EH Bildu, Orain Amurrio, PSE, PP eta Guk Bai) izan dira 15 minutuko bilkuran, tartean Josune Irabien Amurrioko alkatea.

Erasoaren biktimak han izan dira, eta Mertxe Azkarragak hartu du hitza, familiaren izenean. Gertakariak nola jazo ziren kontatu ostean, senideen "bizitza arriskuan" egon zela azpimarratu du. "Tiro egin zuenak ez du lortuko gu beldurraraztea, gure arbasoen etxetik joatea edo gure ideia politikoei uko egitea", adierazi du.

Arabako Sorturen bozeramaileak ere hitz egin du komunikabideen aurrean, eta Amurrioko alkatearen adierazpenak kritikatu ditu, "gertakari isolatu bat" izan dela esan duelako goizean. "Eskuina mugimendu independentisten aurka tentsioa, indarkeria eta gorrotoa zabaltzen ari den testuinguruan eman den erasoa izan da", ohartarazi du.

Gertatu dena oso larria dela, eta, beste kasu askotan ez bezala, oraingoan ez direla neurriak hartu salatu du. Dena argitzeko eta erasotzailea atxilotzeko "Ertzaintza egin beharrekoa egiten ari dela pentsatu nahi dugu", gaineratu du Sorturen arduradunak.

Bilkura amaitutakoan, 19:00etan, manifestazioa egin dute herrian, Sortuk deituta. 'Faxistak ez dira pasako. Euskal Herria aurrera!' lelopean, mobilizazio jendetsua egin dute, kaltetutako familiari babesa agertzeko eta erasoa salatzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Politika Sortu Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Aiarako kuadrilla