Politika -
Espetxe politika
Marlaskaren adierazpenak eta iragarritako protokoloa 'positibotzat' jo ditu Sortuk
Sortuk "ausardia politikoa" exijitu dio Barne ministroari, eta gaixorik dauden presoak kartzelarik ateratzeko "aitzakia" gutxiago dituela esan dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ibon Meñika Sortuko bozeramaileak "ausardia politikoa" eskatu dio Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari, eta, orain, gaixorik dauden presoak kartzelatik ateratzeko "aitzakia" gutxiago dituela esan dio.
Kalera Kalera ekimenak deituta presoen alde Basauriko espetxera egindako martxan parte hartu du Meñikak astelehen goizean. Han, "oso larri" dauden presoen askatasuna bermatze aldera Barne ministroak onartutako protokoloaz hitz egin du.
Ehunka lagun izan dira goizeko protesta horretan. Esan bezala, Meñikak "positibotzat" jo ditu Grande-Marlaskaren azken adierazpenak, baita iragarritako protokoloa ere.
Alabaina, "ausardia politikoa" exijitu dio, aurrerantzean, arrazoi gehiagorekin, baina aitzakia gutxiagorekin, gaixo dauden presoak kartzelatik ateratzeko aurrerapausoak eman ditzakeela iritzita. "Ez dugu inolako arrazoirik ikusten pauso horiek ez emateko, alegia, gaixorik dauden presoak espetxetik ez ateratzeko", gaineratu du.
Basauriko kartzelan bertan bukatu dute manifestazioa, urtarrilaren 12an Bilboko kaleak zeharkatuko dituen mobilizaziora batzeko deia eginda.