Politika -
Diputatuen Kongresua
Sanchezek defizitaren muga berria aurrera atera du ERCren eta PDeCATen babesarekin
Hala ere, “Aurrekontu Orokorrei babesa emateko bezperan ez” daudela ohartarazi du PDeCATek. “Hona hemen gure keinua, orain pilota zuen teilatuan dago”, esan du ERCk.
Agentziak | Erredakzioa
2019-2021 eperako defizit muga aurrera atera du Espainiako Gobernuak bigarren saiakeran, PSOE, Unidos Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ eta Compromisen babesarekin. PP, Ciudadanos, EH Bildu, Foro Asturias eta Coalicion Canariak, aldiz, kontrako botoa eman dute. Hala ere, PPk Senatuan duen gehiengoak akordioa berriro atzera botako du datorren ostegunean.
Konkretuki, Gobernu zentralak 2019-2021 eperako proposatutako zor publiko eta egonkortasun helburuak onartu ditu Diputatuen Kongresuak. 176 diputatuk aldeko botoa eman dute, eta 168k kontrakoa.
Defizit muga berria atzera bota zuen Senatuak uztailean. Datorren urterako % 1,8ko defizita aurreikusten du akordioak. 6.000 milioi euroko tarte bat ematen dio aurrekontuari. Zentsura-mozioko bazkideen babesa berreskuratzea lortu du Exekutiboak bozketan.
Defizit helburuen onarpena 2019rako Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektua onartzeko atarikoa da. Gobernu zentralak egitasmoa Ministroen Kontseiluan onartu eta Kongresuari igorriko dio urtarrilean.
Nahiz eta Kongresuak defizitaren muga onartu, Espainiako Gobernuak Senatuaren babesa behar du. PPren gehiengo absolutuak berriro atzera botako du abenduaren 27an. Ondorioz, 2019rako aurrekontuak Mariano Rajoyren defizit mugarekin (% 1,3) onartu beharko ditu Exekutiboak.
“Geratzen diren zubi urriak eta elkarrizketa hari oso mehea” ez hausteko “borondate oneko” mezu bat azaldu nahi izan du ERCk; “litekeena da azken keinua izatea”. “ERCgatik ez da izango. Hona hemen gure keinua, orain pilota zuen teilatuan dago”, adierazi du Joan Maragall ERCko diputatuak.
Ildo beretik, “Aurrekontu Orokorrei babesa emateko bezperan ez” daudela ohartarazi du Ferran Bel PDeCATko ordezkariak. Kontu publiko berriei babesa emateko Espainiako Gobernuak Kataluniari konponbide politikorako proposamen bat egin behar diola esan du Belek, eta “ez da Estatut berri sinple izango”.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren elkarrizketa falta kritikatu du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak.