Politika -

Katalunia

Kataluniako preso independentistek gose greba utzi dute

Duela hogei egun abiatu zuten gose greba Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek, eta hiru egun geroago hasi zuten protesta Rullek eta Fornek. Helburua zen Auzitegi Konstituzionalaren erabakia salatzea.

Sànchez, Junqueras, Turull, Forn, Cuixart, Rull eta Romeva, Lledonersen. Argazkia: @omnium
Sànchez, Junqueras, Turull, Forn, Cuixart, Rull eta Romeva, Lledonersen
Sànchez, Junqueras, Turull, Forn, Cuixart, Rull eta Romeva, Lledonersen. Argazkia: @omnium

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gose greban egon diren Kataluniako lau preso independentistek (Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn) bukatutzat eman dute protesta. Duela hogei egun abiatu zuten gose greba Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek, eta hiru egun geroago, Rullek eta Fornek. Helburua zen Auzitegi Konstituzionalean jarritako babes-helegiteen aurrean erantzunik ez jasotzeagatik protesta egiteko.

Pilar Calvo presoen bozeramaileak eman du horren berri ostegun goizean. Izan ere, atzo bertan Kataluniako Gobernuko bost presidente ohiek eta Parlamentuko lau presidente ohiek gose greba uzteko eskatu zieten, "bizitza eta osasun eskubidea babeste aldera".

Lau presoek sinatutako eskutitza irakurri du Calvok komunikabideen aurrean. Ekintza horrekin erakutsi duten "talde indarrari" buruz mintzatu dira gutun horretan, presoen eskubideak lehengoratzeko orduan, grebari esker, aurrerapauso garrantzitsua eman dutela azpimarratuta.

Ildo horretan, "urtebetez ezer egin gabe egon ostean", Auzitegi Konstituzionalak Giza Eskubideen Europako Auzitegiari "atea ireki izana" txalotu dute.

Hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionalaren abenduaren 2ko erabakia goratu dute. Ordura arte aztertu nahi ez zituzten babes-helegiteei heltzeko konpromisoa hartu zuen orduan Konstituzionalak (greba hasita zeukaten dagoeneko).

"Nolanahi dela, tamalgarria da muturreko ekintza bat burutu behar izatea, oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko", diote gutunean.

Halaber, gose grebak buruzagi independentisten egoerari ikusgarritasuna eman diola nabarmendu dute. "Eskerrak eman nahi ditugu jasotako eskutitz guztiengatik", gaineratu dute.

Calvok, bere aldetik, ukatu egin du presoen iragarpenak bihar Bartzelonako Ministroen Kontseiluan egingo duten jardunaldiarekin edota Gobernuko eta Legebiltzarreko presidente ohiek egindako eskaerarekin zerikusia duenik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Presoak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean