Politika -
Eusko Legebiltzarra
Talde parlamentarioek ekarpenak egin dituzte Memoria eta Bizikidetza Lantaldean
Lantaldearen presidenteak egindako txostena eta alderdi politikoek dokumentu horri egindako ekarpenak ez dituzte publiko egin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde parlamentarioek ekarpenak egin dizkiote Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldeko presidente Ana Oregik (EAJ) egin zuen laburpen dokumentuari.
Alderdi Popularra izan ezik, gainerako alderdi politiko guztiak ari dira lanean, biktimak, memoria, espetxe politika, bizikidetza eta giza eskubideen alorrean akordio zabalak lortzeko asmoz.
Lantaldea 2017ko martxoaren 8an osatu zen, eta 2018ko uda aurretik amaitu zen agerraldien fasea. ETAren eta Estatuaren biktimak, presoen senideak eta giza eskubideen esparruko adituek eman zuten beren testigantza.
Agerraldi horiek amaituta, Ana Oregi lantaldeko presidenteak talde guztiek egindako ekarpenekin laburpen txosten bat idatzi zuen eta orain alderdiek zuzenketak egin dizkiote dokumentuari. Lan horren xehetasunak ez dituzte publiko egin.
Oraingoz ez dute zehaztu lantaldearen hurrengo bilera noiz izango den.