Politika -
Eusko Legebiltzarra
'ETA goratzeko ekitaldiek aurten % 147 gora' egin dutela salatu du Covitek
Omenaldiak edo “delitu curriculumaren aitortzak” direnik ukatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. “Zigorra bete duten” presoei egindako “harrerak” direla erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
2017arekin alderatuta, “Euskadiko kaleetan ETAren terrorismoa goraipatzeko ekitaldiek aurten % 147 gora” egin dutela salatu du gaur Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite). Gainera, “umeen presentziarekin kezkaturik” agertu da kolektiboa.
Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak eta Ines Gaviria komunikazio arduradunak agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko batzordean, PPk eskatuta, kolektiboaren Erradikalizazio Behatokiak bildutako datuen berri emateko.
Informazioa biltzen hasi zirenetik “2016an, ETAko terroristak goratzeko ekitaldiek nabarmen gora” egin dutela azaldu du Gaviriak. Urte horretan hiru izan ziren, 76 (horietatik 48 ETAko kideei egindako omenaldiak) 2017an eta 187 (59 omenaldi) aurten, erantsi duenez.
Aurten % 147 gora egin dutela nabarmendu du Gaviriak. Preso ohiei egindako omenaldiak, festak, pankartak eta pintadak zenbatu dituzte.
Ekitaldiak onartzerik ez daudela azpimarratu du Ordoñezek, “biktimak umiliatzen dituztelako” eta “araudiaren aurkakoak direlako”. “Gertatzen ari denaren aurrean” botere publikoak “zirkinik egin gabe” ezin daitezke geratu, Coviteko ordezkariak uste duenez.
Omenaldiok kalean eta toki publikoetan egitea salatzen du Covitek, Ordoñezek azaldu duenez. “Herriko tabernetan egingo balira, esateko ezer”, adierazi du.
Omenaldiak edo “delitu curriculumaren aitortzak” direnik ukatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Biktimak iraintzeko asmoarekin egiten ez dituztela esan du. “Zigorra bete duten” presoei egindako “harrerak” direla erantsi du.
“Duela hamar urte baino hobeto gaude, egoera lasaiagoa da, eta are bareagoa izateko esfortzu bat egiten ari gara”, adierazi du Arzuagak.
Azkenik, ETAkoek duten sufrimendu berari aurre egin behar diote GAL bezalako talde terroristen biktimek Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohia goraipatzen denean, Pili Zabalak (Elkarrekin Podemos) gogorarazi duenez.