Politika -
Katalunia
A9an inbertitutako 5 milioi itzultzera zigortu du Kontu Auzitegiak Artur Mas
Epaia “inola ere ez onartzen” ez dutela ohartarazi dute Masek eta kontseilari ohiek, “zentzugabea” delako. Horrela, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.
Agentziak | Erredakzioa
2014ko azaroaren 9an galdeketa antolatu eta egiteko inbertitu zituzten ia bost milioi euro itzultzera zigortu ditu Kontu Auzitegiak Artur Mas presidenta eta Kataluniako beste goi-kargudun ohi batzuk.
Epaiaren arabera, Mas, Francesc Homs, Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari ohiak eta beste sei pertsona gehiago zigortu dituzte A9ko kontsultaren gastuengatik: 4.946.788,16 euro.
Sententzia “inola ere ez onartzen” ez dutela ohartarazi dute dagoeneko Masek eta kontseilari ohiek, “zentzugabea” delako. Horrela, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.
Arduradun zuzenak direla uste du Kontu Auzitegiak, baita Luis Bertran Saura, Josefina Valls, Jaume Domingo Planas, Ignaci Genoves, Jordi Vilajoana eta Teresa Prohias ere.
Bakoitzaren erantzukizunaren araberako zenbatekoak Generalitateari itzultzera zigortu dituzte. Horrela, adibidez, Masek 4,9 milioi euro itzuli beharko ditu, eta gainerakoek A9an izandako funtzioaren arabera ordaindu beharko dute.
Francesc Homsek 1,9 bat milioi euro itzuli beharko ditu, besteak beste, iragarki instituzionalen kanpainagatik (806.000 euro); Irene Rigauk 2,8 milioi bueltatu beharko ditu, bozketa mahaietan erabilitako 7.000 ordenagailu erosi eta lekualdatzeagatik; eta Joana Ortegak 865.000 euro.
Kontu Auzitegiaren hitzetan, Mas eta kontseilariak Generalitateko gastu publikoaren erabakien jakinaren gainean zeuden eta, are gehiago, erabakion “arduradun nagusiak” izan ziren.
Masek, Generalitateko presidente gisa, zein Ortega eta Rigau kontseilari ohiek Auzitegi Konstituzionalaren erabakien aurka “kontzienteki” egin zuten, A9ko galdeketa bertan behera utzi ez eta bozketak egiteko baimena eman zutenean.