Politika -
KATALUNIA
Puigdemont: 'Estatuaren gehiegikerien aurrean, Europak erreakzionatu egin behar du'
Auzipetutako politikariak demokratak eta baketsuak direla esan du, eta, edonola ere, prozesu soberanistak aurrera egingo duela ziurtatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak gogor kritikatu du Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak Kataluniako politikari independentisten kontra egindako zigor-eskaerak, eta Europari erreakzionatzeko eskatu dio.
"Zuen ahotsa inoiz baino beharrezkoagoa da. Pertsona guztien askatasuna eta eskubide politikoak babesten dituen Europa sinesgarritasuna galtzeko arriskuan dago", adierazi du bideoz zabaldu duen mezu batean.
"Europa ezin da bere isiltasunarekin gehiegikeria honen konplize izan, erreakzionatu egin behar du", azpimarratu du.
"Estatua bere osotasunean, Erregearengandik hasi eta Fiskaltzaraino, mendekuz ari dira Kataluniako Gobernuaren, Parlamentuaren eta herritarren gehiengoaren aurka, Estatu honen parte izaten jarraitu nahi ez dugula esan genuelako", azaldu du.
Horrez gain, auzipetutako politikariak "demokratak eta baketsuak" direla gogoratu du eta, edozer gertatuta ere, prozesu soberanistak aurrera egingo duela ziurtatu du: "Determinazio handiagoarekin segituko dugu borrokan, presoen eta herritarren alde".
"Espainiako Estatuko demokratei" laguntza eskatu die, eta azpimarratu du Katalunian izan den indarkeria bakarra Guardia Zibilak eta Poliziak eragin zutela 2017ko urriaren 1ean.